Margarita Bravo Getxo
Presoen senideak eta Getxoko EB-Berdeak
Espetxea eta sakabanaketaz gain, sarritan gure agintarien errespetu falta ere pairatu behar izaten dugu preso politikoen senideek. Halaxe gertatzen da Getxoko Udaletxean. Izan ere, 2003ra arte gure senideak bisitatzeko diru-laguntzak jasotzen genituen, baina EB-Berdeak taldeak zapuztu egin du hori, haiek kudeatzen duten Gizarte Arazoetarako arlotik. Epaileek erabakitako etena amaitu ondoren, aipatu alderdiko zinegotziak aldatu egin zituen eskariak egiteko araudia, bete ezineko baldintza berriak jarriz jadanik tramitatuta zeuden eskariei. Horren ondorioz, 2004an aurrekontuetan onartutako laguntzen laurdena baino gutxiago banatu ziren. 2005eko bisitei zegozkien laguntzak izoztuta daude oraindik. 2006koak arautu gabe daude, eta 2007koen berririk ez dugu. Alperrik saiatu gara gobernu taldeko zinegotziekin auzia bideratzen, eta alperrik eman du hitza alkateak plenoan. Gure senideak espetxean edukitzeak dakarren oinazeaz gain, ez dugu zertan gurekiko jokamolde hori jasan. Espero dugu hurrengo gobernu taldeak sentiberatasun handiagoa izatea presoen senideekin. Ez da horren zaila.