LABek Nafarroako Administrazioan CCOOk egindako iruzurra salatu du
Rebeka CALVO |
CCOOk eta Nafarroako Gobernuak herrialdeko Administrazioan izandako hauteskundeetan egindako «iruzurra» salatu zuen LAB sindikatuak.
Iruñeko egoitzan sindikatuko zerrendaburu guztiek agerraldia egin zuten, eta Administrazio Erroko Sabino Cuadrak adierazi zuen UPNren Gobernuak eta CCOOk Estatuko Justizia Administrazioko bozak eta ordezkariak Foru Administrazioko kopuruan sartuta egin nahi duten iruzurra errefusatzen dutela. «Justizia langileak, Nafarroan dauden beste hainbeste bezala -Gizarte Segurantza, Posta, Estatuko Ogasuna...-, Estatuko Administraziokoak baitira. Beraz, horien hauteskundeetako emaitzak estatu-esparruan bakarrik zenbatu behar dira», adierazi zuen.
Izan ere, Justiziako langileen bozak zenbatuko ez balituzte, CCOOk 38 ordezkari lortuko lituzke, eta 230 boto gutxiago, orain hiru egun egindako hauteskundeetan. «Gurekin zortzi ordezkaritako eta gutxi gorabehera 300 bototako aldea izango luke», zehaztu zuen Osasunbideko LABeko ordezkari David Mendazak.
«Boza eman duten langile asko ez daude Nafarroako Gobernuko plantila organikoan», adierazi zuen, alde horretatik, Cuadrak. Horiek hala, Cuadrak Justizia alorreko bozak datuetatik kentzeko eskatu zuen; bestela, sindikatuak helegitea jarriko duela esan zuen.
Cuadrak argitu zuen orain dela lau urteko hauteskundeetan ere gauza bera egiten saiatu zirela. «Baina orduan idatzi bat helarazi genion Nafarroako Gobernuari hura gaitzesteko, eta ez zuen aurrera jarraitu. Oraingoan, berriz, legea aldatu du lehenago aurrera egin ahal izateko», azaldu zuen.
Erabateko eskumena
Beste eskaerarik ere egin zuen Cuadrak: «Nafarroarako zerbitzuak eskaini behar dituen eremu guztietan erabateko eskumena izan behar du; hau da, Justizia alorra ere Nafarroako Administrazioaren eskuetan uztea». Era berean, «sindikatua nola baztertzen duten ikusita», AFAPNA sindikatua negoziazio mahaitik baztertuko dutela salatu zuen Administrazio Erroko ordezkariak.
«Jokaera guztiz antidemokratikoa da. AFAPNA sindikatua mahaitik kanpo geratuko da ez duelako bozketan ordezkarien %10 lortu, baina, aldi berean, UGTk eta ELAk baino 200 boz gehiago eskuratu ditu; horrek mahaia osatzeko jarraitzen duten arautze antidemokratikoa agerian uzten du. Horrek, gainera, mahaiko ordezkaritzetan izango du ondoriorik», agertu zuen.
Bestalde, LABeko Nafarroako Administrazioko ordezkariek eskerrak eman nahi izan zizkioten sindikatuari botoa eman dion jende guztiari.
«Gobernuko lehen klase-sindikatua gara. Argi dago langileek zerbitzu publiko eta doako baten alde eman dutela botoa, eta menpekoak eta eraginkorrak ez diren sindikatuen kontra agertu direla, horiek jauntxoen aldeko kudeaketa arbitrarioa egiten dutelako gure eskubideak eta duintasuna ahaztuta», esan zuen David Mendazak.