GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Onenekin jarraitzeko azken aukera izango du Getxok

Bizkaitarrek Madrilen jokatuko dute, eta irabazten baldin badute, gainerako taldeek egiten dutena egin, mailari eutsiko diote. Beste edozein emaitza lortuko balute, beste taldeen lanari begiratu beharko liokete

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ohorezko Mailako Ligako azkeneko jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan, eta Getxo Arteak mailari eusteko lehia izango du. Beste bi euskal taldeek, Spyro Bera Berak eta Kitmar Ordiziak, egin beharrekoak eginda helduko dira azkeneko jardunaldi honetara.

Getxo Arteak ez du batere samurra izango mailari eustea, liga honetako talderik indartsuenetako baten zelaian jokatuko baitu. Madrilen izango da Madrid Noroesteren aurka jokatzeko, bihar, 12.30ean.

Madrildarrek ez dute ezer jokoan, ez baitute Liga irabazterik, eta bihar gertatzen dena gertatu, bigarren postuan amaituko dute. Haien helburua Kopa irabaztea da, baina bihar garaipena lortzea ere nahiko dute. Liceo Frances da mailari eusteko borrokan dabilen beste taldea, eta hori ere Madrilgoa da. Beraz, pentsatzekoa da Madrid Noroestek nahiago izango duela heldu den urtean etxean partida bat gehiago jokatu Getxora etortzea baino.

Gaur egun, Liceo Frances dago jaitsierako postuan, baina horrek etxean jokatuko du. Liceok egiten duen gauza bera egin behar du Getxok. Hori egiten ez badu, maila galduko du, eta heldu den urtean Ohorezko B Mailan izango da.

Bera Berak eta Ordiziak ez dute ezer jokoan. Donostiarrek gaur 17.00etan Valladolid hartuko dute, eta Ordiziak bihar El Salvadorren zelaian jokatuko du, 12.30ean.

Ohorezko Mailarako igoera fasean, Hernanik Monte Cienciasen etxean jokatuko du, eta bi puntu baino gehiagoz irabazi beharko du, joan den astean galdu egin baitzuen etxean, 23-25. Bi puntu baino gehiagoz irabazten badute gipuzkoarrek, Ohorezko Mailara igoko dira.

Liga Federalean, ASB Baionako taldea bihar bertan igoko da Bigarren Mailara, Saint Supiecen Thirinoise taldea menderatzen badu (15.00).

Emakumezkoetan, ASB taldeak Beziers hartu behar zuen lehen faseko azken partidan, baina kanpotarrak ez omen dira etorriko, eta garaipena baionarrentzat izango da. Estatu espainoleko Kopako finalerdietan, Gaztedik Bartzelona hartuko du gaur (17.00), eta Getxok Pozuelon jokatuko du (16.00).

Bestetik, Heineken Kopako finala jokatuko dute bihar, 15.30ean, Twickenhamen, eta bertan, Leicester eta London Wasps neurtuko dira. Faborito argirik gabeko finala da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo