GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko aizkora

Finala jokatuko duen lehenengo aizkolaria nor den erabakiko dute Leitzan

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako lehen finalista nor izango den jakingo da gaur, Leitzan. 20.00etan hasiko den jaialdian, maila nagusiko lehen finalerdia jokatuko dute, eta 23 urtez azpiko bigarrena ere bai.

Maila nagusian, Joxemari Olasagasti eta Donato Larretxea neurtuko dira. Aizkolariak 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu abiatuko dira. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra neurtuko dira. Hirugarren lanean, aizkolariek kana-erdiko bat zutik erdibitu beharko dute. Ondoren, oinbiko enborrarekin neurtuko dira, eta azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko dituzte.

23 urtez azpikoetan, Rekondo eta Atutxa II.a neurtuko dira. Irabazten duenak Mugertza II.aren aurka jokatu beharko du finala Azpeitian, hemendik bi astera.

Harri-jasotzaileak

Gaur Leitzara doazen zaleek, aizkolariez gain, harri-jasotzaileak ere ikusi ahal izango dituzte. Bertan, Izeta III.a eta Eizmendi Telleria II.aren eta Urrutiaren aurka neurtuko dira. Lehen bikoa da garaipena lortzeko faboritoa. Hala ere, aiarra eta zarauztarra finalerdietarako sailkatuta daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo