GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Amateur Nafarroako Itzulia

Osagai ezin hobeak aurkeztu zituen atzo antolakuntzak

Nafarroako Txirrindulari Batzordeak sei etapa eta 19 talde eman zituen ezagutzera, eta Erreniega gainak lasterketaren giltza izango du

Unai IRARAGORRI | BILBO

Nafarroako Itzuliak 2007. urteko ibilbidea eta partaidetza ezagutzera eman zuen atzo, Iruñeko Civicanen. Guztira, sei etapa izango dira eta 19 taldek hartuko dute parte maiatzaren 29tik ekainaren 3ra bitartean. Hain zuzen, antolakuntzak ibilbide orekatua aurketu zuen, eta Erreniega gainan bukatuko den saioa izango da garrantzitsuena.

Iruñeak emango dio irteera eta amaiera aurtengo 46. ekitaldiari, 854,5 kilometro egin ostean, eta Tutera, San Adrian, Zangoza eta Lesaka herrietara helduko da itzulia sei egunetan. Hasiera leuna izango dute txirrindulariek, eta pixkanaka zailtasunak gehiago izango dira etapaz etapa. Guztira, 18 mendate izango dira, eta hamar laugarren eta bosgarren saioan bilduko dira.

Zalantzarik gabe, berri nagusia bosgarrenean izango da, bigarren mailako Erreniega gainean bukatuko baita saioa. Aurretik, gainera, beste bost mendate izango dituzte Nafarroako Itzuliaren parte-hartzaileek, Etxauri eta Girgillao tartean, hain justu ere. Lehengo egunean, berriz, Egozkue, Arteasiaga eta La Piedad mendateak, azken hori helmugatik 11 kilometrora, igotzeko izango dute txirrindulariek. Esprinterrek eta iheslariek aukerak izango dituzte lehendabiziko hiru egunetan, ibilbide gorabeheratsuan, eta Etxauri, 6. saioan, azken oztopa izango da.

Taldeei begira, 19 multzo bildu du Nafarroako Txirrindulari Batzordeak, eta zazpi kontinental mailakoak dira, halanola Orbea talde euskaldunak, Viña Magna eta ospeko Rabobank. Tropela amateur taldeek beteko dute zerrenda, eta Euskal Herriko onenak arituko dira, esaterako, Caja Rural, Baque, Azpiru, Alfus eta Bidelan. Edonola ere, ez dute erraz nabarmentzea izango; izan ere, goi maila izango da errepidean.

IBILBIDEA

Itzuliak 18 mendate ditu guztira, eta laugarren eta bosgarren etapek hamar bilduko dituzte; esprinterrek eta iheslariek, berriz, aukerak izango dituzte lehendabiziko hiru saioetan, errepide gorabeheratsuan.

KONTINENTAL MAILA

Zazpi talde kontinentalek, halanola Orbea, Viña Magna eta Rabobank multzoek, eta goi mailako amateur taldeek hitza dute errepidean. Horregatik, Euskal Herrikoek zail izango dute nabarmentzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo