GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errandonea eta Lopez aske ditzatela exijitu dute Oiartzunen

Oiartzungo herritarrak dira eta 21 urte gatibu daramate Ander Errandoneak eta Estanix Lopezek. Beren askatasuna exijitu zuten atzo 200 lagunek euren sorterriko kaleetan barrena. Gainontzeko herrietan ere mobilizazioak egin zituzten, ostiralero bezala, euskal preso politikoen euskal herriratzea aldarrikatuta eta euren eskubideak errespeta ditzatela exijituta Gobernu espainolari.

GARA |

Ander Errandonea eta Estanis Lopez oiartzuarrak berehala aske utz ditzatela eskatu zuten atzo 200 lagunek beren herrian, iluntzean eginiko ekitaldian eta ondorengo manifestazioan. Bi preso hauek 21na urte bete berri dituzte espetxean, zehazki ostegunean. Lopez Castelloko kartzelan dago gaur egun, eta Errandonea, aldiz, Herrera de la Manchakoan.

Nahiz eta bi oiartzuarrok ezarritako zigorraren 3/4ak aspaldi beteak izan, Lopezi eta Errandoneari askatasuna behin eta berriz ukatzen diotela salatu zuen Oiartzungo Topaguneak, eta hori «mendeku politika» hutsa dela gaineratu. Eta atzo, aste osoan egin bezala (ostegunean 20 autok karabana egin zuten), bi herrikideen askatasuna galdegin zuten. Estatu espainolak eta frantsesak indarrean duten espetxe politika ere gaitzetsi zuen Oiartzungo Topaguneak, eta «aski da» esateko garaia dela nabarmendu zuen. Hala, euskal preso politikoen eskubideen alde indarrak batzeko deia egin eta euren aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen.

Bestalde, atzo ere euskal presoen eskubideen aldeko makina bat mobilizazio egin zen euskal udalerrietan. Hala, Zizur Nagusian 60 lagunek manifestazioa egin zuten bertako hiru gaztek Auzitegi Nazionalera joan behar dutelako. Algortan, aldiz, 200 laguneko manifestazioa egin zuten Txetxu Martinez eta Marian Perez de los Rios presoen askatasuna aldarrikatzeko.

Amurrion 35 lagun mobilizatu ziren, Lazkaon 82, Berriozarren 75, Soraluzen 68, Baztanen 15, Beran 20, Lizarran 43, Antzuolan 45, Bilboko Sabin Etxea aurrean 100, Eibarren 60, Mundakan 16, Ugaon 30, Agurainen 22, Iruñean 250, Gatikan 9, Arbizun 35, Hernanin 175, Galdakaon 71, Gasteizen 580, Bergaran 65, Etxarri-Aranatzen 60, Tafallan 63 eta Ortuellan 25.

Juan jose rego

Mansillako espetxean dauden preso politikoek protestak egin behar izan dituzte, bertan, Juan Jose Rego Vidali, gaixo dagoenari, sendagilea izendatzea lortzeko. Hemorragiak sortu dizkioten pilulak eman zizkioten aurretiaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo