GARA > Idatzia > Pilota

ERREMONTEA Aurpegi berria

Aner Bueno Etxezabalek gaur egingo du debuta Galarreta pilotalekuan

Sakea eta kolpea dira 20 urteko azpeitiarraren arma nagusiak

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aner Bueno Etxezabal remontista gazteak gaur egingo du debuta profesional mailan Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Azpeitiarrak 20 urte baino ez ditu eta lehen partidan hartuko du parte Zalakainekin batera Etxeberria IV.a eta Martinez I.aren kontra jokatzeko.

1987ko apirilaren 16an jaioa, sakearekin min handia egiten duen pilotaria da, ezagutzen dutenek diotenez. Metro eta 75 zentimetroko garaiera eta 78 kiloko pisua du gipuzkoarrak eta afizionatu mailan sekulako garaipen zerrenda osatu du azken urteotan. Besteren artean, Gipuzkoako lau Txapelketa irabazi ditu, Euskadiko beste hiru eta GRAVN Txapelketan ere hiru aldiz nagusitu da. Kontuan hartzeko garaipenak denak.

«Ilusioz eta gogoz beteta nago, profesionaletara iristea asko kostatu zaidalako. Azken urte honetan gertu ibili naiz, baina azken jauzia ematea dezente kostatu zait. Sakea hobetu dut eta partidetan kontzentratuago egoten ikasi dut. Edonola ere, asko ikasi beharra daukat oraindik, maila horretan erritmoa askoz biziagoa delako», azaldu du azpeitiarrak apal-apal.

Remonte munduan izandako irakasleez galdetuta Pello Aizpuru aipatu du Etxezabalek. «Pazientzia handia izan du nirekin eta dakidana berak irakatsi dit. Bere postura asko gustatzen zait, behe-behetik sartzen delako, erregularra da oso eta bikain erreboteatzen du. Hain zuzen ere, niri erregulartasun hori falta zait, defentsan maila hobea ematea eta une garrantzitsuetan burua ez galtzea», esan du.

PARTIDA NAGUSIA

Partida nagusian Ezkurra eta Eizagirrek Zeberio II.a eta Lizasoren aurka neurtuko dituzte indarrak, goi-mailako norgehiagoka batean. Euskalen Bitoria eta Etxabek Juaristi eta Anjel Lekunberriren kontra jokatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo