GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Gazte independentistek etorkizuna eraikitzen jarraituko dutela esan dute

Makina bat lagun bildu zen atzo gazte independentistek Iruñean, Gasteizen eta Donostian antolatutako mobilizazioetan. Bertan, hauteskundeen karietara Gobernu espainolak hartutako ilegalizazio erabakiak «gerra apustu» gisa jo zituzten eta PSOE eta EAJri «arduraz eta heldutasunez» jokatzeko deia egin zieten. Egoera horrek gazteria ez duela kikilduko nabarmendu, eta independentziaren aldeko lanean tinko jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

GARA | DONOSTIA

Ehunka gazte indenpendentistek Gobernu espainolak «gerrarako apustua» egin izana salatu eta etorkizuneko belaunaldi berriei «demokrazia ezagutzeko aukera eskainiko dien proiektu politikoa» gauzatzen jarraituko dutela berretsi zuten atzo Iruñean, Gasteizen eta Donostian eginiko mobilizazioetan.

«Inposaketarik ez, gazteok independentzia» leloarekin gazte andana batu zen independentzia aldarrikatzeko asmoz, hori baita, haien aburuz, gazteak Euskal Herrian, era askean bizitzea bermatuko duen proiektu politiko bakarra.

Eguerditik abiatu ziren gazte independentisten ekimenak. Lehena Iruñekoa izan zen; Nafarroako Unibertsitate Publikoan 130 lagun inguru bildu ziren bertan egindako ekitaldian. Iluntzean, aldiz, Donostiaren eta Gasteizen txanda iritsi zen.

Gasteizen mila gazte inguruk bat egin zuten independentziaren aldarriarekin. Gipuzkoako hiriburuan, aldiz, 220 gazte batu ziren. Ibilbidearen erdialdean Ertzaintza pankartakoengana gerturatu eta mehatxuka hasi bazen ere, arazorik gabe gauzatu zuten mobilizazioa.

Bizkaiko hitzordua datorren ostegunean izango da. Leioako Campusa izango du agertoki nagusia eta 11.30ean abiatuko den manifestazioarekin emango zaio hasiera eta ondoren, ekitaldi politikoa egingo dute.

Gazte independentistek antolatutako mobilazioak gazte mugimenduko hainbat eragileren babesa izan dute. Horien artean: Ikasle Abertzaleak, hainbat gazte asanblada, Irunidarrok gaztepeña, Kaskagorri konpartsa, Donostiako Piratak, eta Gaztesarea eta Xirika proiektu komunikatiboak.

Gazte independentistek, Gobernu espainolak azken egunetan hartutako ilegalizazio erabakiekin orain arte pairatutako «demokrazia falta», areagotu egin dela gogor kritikatu zuten atzo. Hala, esanguratsua deritzote 25 urte azpiko gazteek «era askean» bozkatzeko betarik izan ez izana. «Estatutu autonomikoen belaunaldian jaiotako gazteria» bada ere, demokrazia sekula ezagutu ez duten gazteak direla deritzote eta, tamalez, etorkizunean ere, Euskal Herriak izan duen eskubideen urraketa dela-eta, ondorengo belaunaldiek demokrazia ezagutuko ez dutelakoan dira gazte independentistak.

Euskal Herriak eta euskal gazteriak izan duen «defizit demokratiko» horren «erantzuletzat» EAJ eta PSOE alderdiak jo zituzten. Josu Jon Imaz eta Jose Luis Rodriguez Zapatero buru dituzten alderdiak gatazkaren konponbideari eta Euskal Herriari etengabe «ezezkoa» esaten diotela salatu zuten gazteek, eta jarrera horien ondorioz, akordio politikoa erdiestea ezinezkoa dela azaldu zuten atzo egindako ekitaldi eta manifestazioetan.

Prozesu demokratikoak bizi duen geldialdia gainditzeko helburuz, elkarrizketak berrartzeko eskaria helarazi zieten EAJ eta PSOEko buruzagiei eta «heldutasun eta ardura politikoaz jokatzeko» eskaera mahai gainean jarri zuten.

Era berean, Euskal Herriak duen demokrazia faltak euskal gazteria ez duela kikiltzen nabarmendu, eta euren etorkizuna eraikitzen jarraituko dutela berretsi zuten gazte independentistek.

«Euskal Herrian gazteri iraultzailea, errebeldea, anbiziosoa eta inkonformista dagoela aski frogatua» dagoela nabarmendu eta Euskal Herriari demokrazia ekartzea gazte belaunaldi horri egokitu zaiola azaldu zuten atzokoan.

Politikarietaz fio ez

Urte osoan gazteen arazoen inguruan inor gogoratu ere ez da egiten aipatu eta hauteskundeak datozenean gazteriaren problematika politikari guztien ahoetan dantzan egotea kritikatu. Hala, gazteak «bakean uzteko» eskatu dute. Orain arte edukitako aukera guztiak profitatu ez dituztela salatu eta politikarietaz jada fio ez direla adierazi zuten gazte independentistek.

Gazteen etorkizuna «era askean erakitzeko» konpromisoa hartu eta «ardura eta heldutasun politikoarekin» jokatuko dutela baieztatu zuten. Independentzia da, haien aburuz, «balore iraultzaileetan eta justizian oinarritutako herri eredua» bermatzen duen proiektu bakarra eta horregatik, horren alde indarrak metatzen jarraituko dutela adierazi zuten.

Ildo horretatik, bildutako gazte orori independentziaren aldeko lana zabala bezain anitza dela azaldu eta hezkuntza sistema nazionalaren alde, gazte espazio autogestionatuen defentsan edota euskararen aldeko lanean murgiltzeko gonbita egin zieten.

Batasunak gazte independentisten lana txalotu eta haien nahi eta beharrei babes osoa eskaini nahi izan zion atzo. «Gazte askez osatutako herri aske baten aldeko borroka» babestu eta independentzia eta sozialismoaren aldeko konpromiso sendoa nabarmendu zuen alderdi abertzaleak.

Euskal Herri berri bat eraikitzeko bidean, esparru demokratikoa eraikitzea ezinbesteko urratsa deritzo Batasunak. Esparru horretan, gazteriaren eskubideak errespetatu behar direla adierazi zuen.

Hori dela-eta, euskal gazteriaren hitza eta erabakia bai kalean bai eta instituzioetan ere bermatu behar dela argudiatuta, gazteriaren boza EAE-ANV izan behar duela deritzo Batasunari.

Bestetik, ilegalizazioen aurkako protestek ez dute etenik, atzo, 25 lagun bildu ziren atzo Gueñesen eta 40 Deban auzitegiek hartutako erabakien aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo