GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mundakako gaztetxearen hormak botatzea eragotzi dute gazteek

GARA |

Atzo Mundakako gaztetxean bildu ziren gazteek eraikinaren barruko hormak botatzea eragotzi zuten. Ostegunean Udaleko langileak joan ziren Ertzaintzak lagunduta, eta gaztetxera sartuta, barruko paretak botatzen hasi ziren. Atzokoan ere joan omen langileak, GARAri gazteek adierazi ziotenez, baina hauek barruan bilduta zeudenez, ez zuten lanekin segitzerik izan. Udaltzain bat ere joan zen atea irekitzeko eskatzen, baina barrukoek ez zuten kontuan hartu eta ez zuten atea ireki.

Udalaren jarrera salatu zuten, herriko taldeekin bilera egiteko konpromisoa hartu eta hori bete gabe gaztetxean lanak hasi dituelako. Gazteek sei-zazpi urte daramatzate eurentzako espazio bat aldarrikatzen, eta duela ia urtebete hartu zuten lehenago eskola izandako eraikina eta gaztetxe bihurtu. Antzina, elizarena omen zen eskola eta Udalaren esku utzi omen zuen «gazteentzat eta herriko egitasmoentzat» erabiltzeko helburuarekin. Urtarrilean husteko mehatxua jaso zuten eta gazteek Udalari bilera baten eskaera egin zioten, eskola zaharrarekin zer egin herriko hainbat talderen artean zehaztu eta adosteko. Udalak eraikina berritzeko asmoa erakutsi du, baina ez da taldeekin bildu, hauteskundeak izanik Udal taldea zehaztu arte itxaron beharra dagoela argudiatuta. Gazteek proiektua zehazteko eskaera egiten dute, eta bitartean bertan mantenduko omen dira.

Kriminalizazioa

Gazteak ados daude eraikina berritzearekin, baina Udalaren asmoez ez dira fidatzen, eraikina bota eta eurek espaziorik gabe uzteko arriskua ikusten baitute. Mesfidantza hori azalduz, joan den larunbatean egindako Gazte Egunean Ertzaintza agertu izana eta gazteak kriminalizatzeko asmoa ikusi zutela adierazi zuten. Izan ere, larunbat gauean

Batzokiaren kontra izandako erasoarekin lotzeko saiakera egin omen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo