GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mairuko proiektuan zigoitiarrak kontuan ez hartzea salatu dute

Ideien lehiaketa abian jarri eta Zigoitiako Udalaren asmoa Mairuelegorretako koben inguruan gune turistiko bat egitea dela uste du Gorbeia Bizirik plataformak. Azken urtean makina bat egitasmo egin dute. Azkena herritarren iritzia batzen duen inkesta bat. Ondorioak argigarriak dira: herritarrek informazioa eta eztabaida publikoa aldarrikatzen dute eta, batez ere, proiektuari mugak jartzeko eskatzen dute.

Maider EIZMENDI |

Isilik eta datu handirik eman gabe. Horrela jarraitzen du Zigoitiako Udalak iragan astean Gorbeia Bizirik plataformak Mairuelegorretako kobaren inguran ondorio argigarriak eskaintzen dituen inkesta bat aurkeztu ostean.

Orain urtebete pasatxo hasi zen Gorbealdea eskualdeko herri horretan iskanbila, Udalak Mairuelegorretako koba ezaguna egokitzeko ideia lehiaketa abian jarri zuenean, hain justu. Berehala hainbat herritarrek euren kezka azaldu zuten, besteren artean, proiekturako zehaztutako aurrekontuak eta baldintza gisa ezartzen ziren hainbat betebeharrek proiektuaren atzean gune turistiko baten eraikuntza zegoela pentsarazi baitzien. «1,8 milioi euroko aurrekontua izateak, bertan berrikuntza handiak egiteko asmoa dagoela erakusten du eta gainera, herriko alkateak berak -Jose Antonio Saez de Camara(EAJ)- irratian egindako elkarrizketa batean Europan erreferentziako gune bilakatu nahi zutela esan zuen», azaltzen dute.

Plataformako kideen esanetan, proiektura bideratu asmo den «dirutza hau» beste hainbat behar asetzeko erabil daiteke, besteren artean, herrian duten «azpiegitura premiari» aurre egiteko.

Udalak bereharekin

Kexuak kexu, Udalaren ideia lehiaketa bere horretan mantendu da orduz gero, eta jada hiru proiektu batu ditu. Bien bitartean, herritarrek, Gorbeia Bizirik plataforman baturik, hainbat ekimen egin dituzte eta azken lanetako bat herritarren iritzia batzen duen inkesta izan da.

Orotara, martxoa eta apirila bitartean erroldan agertzen diren 1.549 pertsonetatik 281en iritzia jaso dute eta bertan ondorioztatutakoak argigarriak dira oso: herritarren %95ek proiektuaren mugak zehaztu behar direla uste dute, hau da, Udalari Mairuelegorretako kobaren inguruan zer egin daitekeen eta zer ez zehazteko eskatzen dio.

UPV-EHUko irakasle baten gainbegiradapean egin den ikerketa horretan iniziatibaren gainean Udalak eskainitako informazioaren gainean ere galdetu diete herritarrei, eta hamarreko eskala bat aintzat harturik, bi puntu baino ez dizkiote eman proiektuaren inguruan helarazi zaien informazioari.

Proiektuari dagokionez, kasurik gehienean, %67an, egin asmo diren lanekin negozio egitea xede dela uste dute, enpresa pribatuak izanik, herritarren iritziz, onuradun nagusiak. Helburuen artean, ondarea babesteko xedea, berriz, herritarren %4k baino ez dute nabarmendu.

Herritar gehienek ez dute ingurua asfaltatzea begi onez ikusten eta %40 inguru ezertxo ere ez egitearen alde agertzen da. Kobaren barnekaldeari dagokionez, kasurik gehienean, herritarrak garbiketaren eta zaintzaren alde agertzen dira eta inkestan parte hartutako pertsonen %4k baino ez dute pasabidea eta aldapatxoen aldeko apustua egiten.

Zabaldu bai, baina horrela ez

Alde horretatik, zigoitiarrak Mairuelegorreta kobazuloaren ondarea zabaltzearen eta dibulgatzearen alde agertzen dira, baina horretarako beste bide baten alde egiten dute. Izan ere, bisitariek kopurua igoz gero, trafikoa, zarata eta mendietako zabor kopurua handituko dela uste baitu inkestan parte hartutako herritarren gehiengo zabal batek, %94k.

Guztiarekin Gorbeia Bizirik plataformako kideek nabarmendu dutenez, eztabaida publikoaren eta zabalaren aldeko apustua egin dute Zigoitiako bizilagunek. Hala, hamaikagarrenez, herritarren nahiari jaramon egiteko eta Udalari informazio zabala emateko eta ideien lehiaketa baztertzeko eskaera luzatu diete.

hiru proiektu

Hiru dira ideien lehiaketa honetan parte hartzeko izena eman duten enpresa eta partikularrak: Sormen Creativos, LKS Ingeniería S. Coop eta Iñigo Elorduy Olabarria.

Data zehatzik gabe

Udalak lehiaketaren gainean emandako informazio hutsala dela-eta, herritarrek ez dute ezagutzen proiektuak aurkezteko epea ere noiz amaituko den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo