GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Goiherrik bigarren jardunaldia ere bereganatu egin du

Jokatu dituzten bi saioetan garaile atera dira bizkaitarrak, eta geratzen den ekinaldian gauzak oso gaizki egin ezean, txapela haientzat izango da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goherri taldeak gero eta gertuago dauka 680 kiloko txapela. Bizkaitarrek irabazi egin zuten bigarren jardunaldian ere bai, eta aurkariei gero eta alde handiagoa kentzen diete. Jardunaldi bat falta da pisu horretako lehiaketa amaitzeko, eta azkeneko saioan ezuste handiren bat gertatu beharko da bizkaitarrek lehen postu hori galtzeko.

Larunbatean Endoian,Itziar eta Zestoaren artean dagoen auzoan, jokatu zen saioan, eta Goiherrik bere maila eman zuen. Hori bai, Txapelketa hasi denetik, estreinako porrota jaso zuen, Gaztedirekin tiraldi bat galdu egin baitzuen. Gainerako guztiak irabazi egin zituen, eta amaieran lehen postuan geratu zen.

Mutriku sailkatu zen bigarren. Gipuzkoarrek lehen sailkatuarekin galdu egin zituzten bi tiraldiak, baina gainerako guztietan garaile atera ziren, eta bigarren postua haientzat izan zen.

Aresok amaitu zen hirugarren, aurreko biekin galdu, eta gainerakoak mendean hartuta. Gaztedi A taldearena izan zen ezustea. Oso ongi hasi ziren Goiherrikoei ere irabazi egin baitzien tiraldi bat, baina gero beherantz egin zuten, eta Gaztediren bigarren taldeari bakarrik irabazi zizkien hurrengo tiraldiak. Gaztediren bigarren taldea azkena izan zen dena galduta.

Herenegun, horrela geratu zen sailkapena. Goiherri lehen postuan 5 punturekin; bigarren Mutriku 4rekin, hirugarren Areso 3rekin; laugarren Gaztedi A 2rekin, eta azkena Gaztedi B puntu batekin.

Sailkapen nagusian, Goiherri doa lehen postuan 10 punturekin; bigarren Mutriku 7,5 punturekin; hirugarren Gaztedi A 5,5 punturekin, laugarren Areso 5ekin, eta azken postuan doa Gaztedi B 2 punturekin.

Launakoa

Nafarroan amaitu da herrialdeko Launako Txapelketa, eta Berriozar nagusitu da mutilen 310 kiloetan. Azkeneko jardunaldian ere nagusi izan dira, eta sailkapen orokorrean 16,5 puntu batu dituzte. Bigarren Beti Gazte izan da puntu bat gutxiagorekin, eta hirugarren amaitu du Amaiur C taldeak 13 punturekin.

Emakumezkoen 260 kiloetan, berriz, Sakanak irabazi zuen azkeneko jardunaldia, baina horrek ez dio balio izan sailkapeneko lehen postuan amaitzeko. Txapela Beti Gazte C taldeak irabazi du 13 punturekin, eta bigarren Burlata sailkatu da puntu bat gutxiagorekin. Hirugarren Beti Gazteren beste taldea geratu da, eta ondoren Sakana.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo