GARA > Idatzia > Ikusmira

Zuhurtasuna eskatzen duen beste haitzulo bat

Praileaitzen orain gutxi aurkitu duten haitzuloa Paleolito Aroko aztarnategitik hurbil dago, mendi-mazela berean, hain zuzen. Harrobi bateko lanek arriskuan jartzen duten mazelan. Oraindik jakiteko dago haitzulo horrek Praileaitz Ieko aztarnategiarekin zerikusirik duen, bertan gizakirik izan den eta noiz, baina inguru horretan egoteak nahikoa motibo beharko luke mendi-mazela kontserbatzearen gaineko eztabaida bukatzeko. Harrobiko lanak geldiarazteko, alegia. Egia esan, aspaldi luzean zuhurtasunak eskatzen zuen ingurua kontserbatzeko neurriak hartzea, historia eta kultur ondarea kaltetu ahal izate hutsak eskatzen zituen halako neurriak; legeak berak eskatzen du kasu honetan babes osoa, Praileaitz Ieko aztarnategian labar-pinturak baitaude; kultur munduko hainbat lagun Praileaitz ez dela behar bezala babestu salatu izan dute, baina badirudi interes ekonomikoa arrisku hori saihestea baino garrantzitsuagoa dela zenbaitentzat, eta kezkagarria da horien artean erakundeetako arduradunak egotea: Lakuako Gobernua eta Gipuzkoako Aldundia. Aurkitu berri duten haitzuloak, aztarnategia izan edo ez, orain artean izan ez den zuhurtasuna eskatzen du. Kultur ondarea ez omen da diruz ordaintzen -hain du balio handia-, baina zenbaitentzat diruz ordaintzen denak balio handiagoa du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo