GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garai berrien neurrira egokitu dituzte aurtengo UEUren udako ikastaroak

Aurten ere berrikuntza askorekin datoz UEUren udako ikastaroak, garai berrietara egokitzeko beharra dagoela aitortuta. Guztira, 30 ikastaro, hiru hitzaldi eta hainbat saio-osagarri eskainiko ditu UEUk aurten Eibarren, Baionan, Iruñean eta Lizarran uztailaren 2tik 20ra arte.

Iker IRIARTE |

«Uda zure neurrira». Horixe da Udako Euskal Unibertsitateak aurtengo udako ikastaroetarako aukeratu duen leloa. Aurten 35. edizioa beteko dute ikastaro horiek, eta horregatik «tradiziozkoak» direla esan daitekeen arren, «aldaketa, berrikuntza eta egokitzapen» ugarirekin datozela adierazi zuen UEUko zuzendari Lore Erriondok udako ikastaroen aurkezpenean.

Gizartea etengabe aldatuz doala nabarmendu zuen, eta 35. edizio horretarako berrikuntzak «egunean eguneko eta garaian garaiko behar eta premiei erantzuteko» egin dituztela.

Hori horrela, ikastaroen formatuak, ordutegiak eta jardunaldiak moldatu dituztela jakinarazi zuen udako ikastaroen arduradun Irati Iciarrek. Hori dela-eta hautatu dute «Uda zure neurrira» lematzat.

Alde nagusia, egoitzetan

Ikastaroak egiten diren egoitzak dira aldaketarik nabarmenena pairatuko dutenak.

Hasteko, aurtengo edizioan ez dela «egoitza zerbitzurik eskainiko» aurreratu zuen Iciarrek. Bere esanetan, azken urteetan gero eta nabariagoa izan da jendeak ikastaroetarako joan-etorriak egiten zituela egunero, eta horregatik nahiago izan dute zerbitzua ez eskaini eta horren aurrekontua ikastaroen kalitatea areagotuko duten balibideetara bideratzea: egoitza egokiagoak, material didaktiko hobea, eta abar. Iruñean, adibidez, 25 urtez «oso modu onean» hartu dituen Larraona ikastetxea utzi eta «Iruñeko bihotzera» joko dutela azaldu zuten, Hizkuntza Eskolara. Iaz Biarritzera lekualdatu arren, ikastaroak aurten Baionara itzuliko direla gaineratu zuten, Bernat Etxepare Lizeora, «Iparraldeko euskaldunentzako erreferentzia», azaldu zuen Iciarrek.

Eibarren, UEUren egoitza nagusian mantenduko dira ikastaroak, Markeskoa Jauregian. Berrikuntza nagusienetako beste bat, gainera, ikastaroak Lizarrara ere iritsiko direla da. Nafarroako ikastaroen arduradun Saioa Jaimek adierazi zuenez, bertako Udalak aspaldi gonbitea luzatu arren, aurten jo dute egokitzat eta hiru hitzaldi antolatu dituzte bertan.

Lehenengo ikastaroak Eibarkoak izango dira, uztailaren 2tik 13ra; hurrengoak Baionakoak, uztailaren 6tik 18ra; jarraian Iruñekoak, uztailaren 16tik 20ra; eta azkenik Lizarrako hitzaldiak, uztailaren 17tik 19ra.

Orotara 30 ikastaro izango dira, Iciarren esanetan, hiru motatakoak: espezializatuak -unibertsitate arlokoak-, dibulgatiboak eta bereziak, azken horiek, batzuen arabera, «soilik UEUk eskain ditzakeenak», gaineratu zuen.

Matrikulazio epea ekainaren 21a arte zabalik dagoela adierazi zuten, eta izena emateko nahiz edozein zalantza argitzeko webgunera -www.ueu.org-joateko deia egin zuten.

«www.ueu.org»

Ikastaroetan izena emateko bide bakarra izateaz gain, diru laguntza eta beka, egitarau, saio osagarri eta abarrei buruzko informazioa behar izanez gero, UEUren orrira jotzea gomendatzen dute.

«Inoiz baino diru-laguntza gehiago dugu aurten»

Behar eta premia berriei egokitzeaz gain, parte-hartzea bultzatzen duten ikastaro interesgarriak eskaintzeaz gain eta saio osagarri mordoa antolatzeaz gain, aurtengo udako ikastaroen edizioak badu beste erakargarritasun bat ere bai. «Inoizko diru laguntzarik handienak lortu ditugu aurten», poztu zen udako ikastaroen arduradun Irati Iciar.

Urtero ematen dituzte, bai UEUk, bai udal zenbaitek baita Nafarroako hainbat mankomunitatek ere diru-laguntzak. Orain artean bezala, ikasleek, langile jubilatuek eta UEUko bazkideek deskontuak izango dituzte, eta erakunde horrek berak ikastaroen prezioaren %50eko balioa izango duten 20 beka eskainiko ditu.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko ikasle eta langabetuei matrikularen %100 ordainduko die, baita Donostiako Euskararen Udal Patronatuak, hirian erroldatuta egonik, matrikulatutako ikastaroetan %80ko asistentzia egiaztatzen dutenei ere.

Horrez gain, hogeitik gora dira bekak eta diru-laguntzak eskaintzen dituzten udalak, eta Nafarroan badira hainbat mankomunitate ere ikastaroetarako laguntza ekonomikoak ematen dituztenak. I.I.

lizarran

Aurten, lehen aldiz irtengo dira UEUko udako ikastaroak hiriburua ez den Nafarroako beste hiri batera. Bertan, doakoak izango diren hiru hitzaldi eskainiko dituzte uztailaren 17tik 19ra bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo