GARA > Idatzia > Zinema

Sakelako telefonoen bidez nerabeak euren bizimodu eta aisiaren berriemaile bilakatzen direnean

«%100 Ingurune Mobila» izenpean, nerabeek mundua ikusi eta bizitzeko duten erara hurbiltzeko ahalegina dago. Azken hilabeteetan, sakelako telefonoz jasotako 160 bideo bildu eta eurak ere beren bizitzaren berriemaile izan daitezkeela erakutsarazi dute.

Amalur ARTOLA

Amaitu da dagoeneko «%100 Ingurune Mobila» lehiaketara lanak bidaltzeko epea. Web 2.0 kontzeptuaren eta ahoz aho dabilen «movil-bullyin» entzutetsuaren -sakelakoa erabiltzea emandako jipoien irudiak hartzeko- ildotik, Amaste eta Synmarc enpresek -Artium, Lakua eta Bizkaiko Diputazioak lagunduta- nerabeen sormena garatu eta sakelakoak helburu positiboetara bidera daitezkeela adierazteko jarri zuten abian lehiaketa orain hilabete batzuk. Ekimenaren ardatza Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteek egindako «mobilmetraiak» -sakelakoen bidez hartutako bideoei eman dieten izena- gai librean sortu eta horiek www.ingurunemobil.net orrian zintzilikatzera gonbidatzea izan da eta, behin lanak jasotzeko epea amaituta, balorazio baikorra egin dute antolatzaileek.

Ivan Barrio ekimenaren bultzatzaileetako batek jakinarazi duenez, 160 inguru izan dira jasotako lanak, eta gai zein kalitate aldetik «denetarik» topatu dute. Gazteen egunerokotasun eta bizimoduarekin lotutako lanak izan dira gehienak eta, tartean, irudimena eta sormena landuz osatutakoak ere jaso dituzte: «Fikziozkoak edo asmatutako istorioak dezente izan dira, beste askok errealitatearekin dute lotura eta azken batzuk txantxa gisakoak izan dira». Esaterako, buruarekin intxaurrak apurtzen agertzen den gaztea edota, parranda giroan, botila eskuartean duela dantzan agertzen den mutikoa. Horiez aparte, inguruarekiko duten pertzeptzioa irudiekin islatu dute batzuek. «Bada talde bat -azaldu du Barriok-, non talde batek Udaleko bideo bat balitz bezala aurkeztu duen lana. Dokumental modukoa dela esan daiteke; gaur egungo Bilbori buruz ari dira eta garraioaren gaineko hausnarketa egin dute». Beste batzuek, «efektu bereziak» sortu dituzte elementu ezberdinak distantzia ezberdinetara jarriz. Bideo gehienak editatu gabe jaso dituzte, «unean ateratako bideoak dira nagusi», baina gidoi landuarekin egindako lanak ere ez dira gutxi izan.

Ekimenaren xedeetariko bat gazteen aisialdia, bizimodua eta pentsamenduak jasoko zituen ikus-entzunezko artxiboa osatzea zen eta, Barrioren iritziz, helburua bete dute, nahiz eta jasotako materiala sakonago aztertu eta idatzizko ondorioak memoria batean biltzeko lana egin behar duten. Azken batean, nerabeek euren ikuspuntutik sortutako bideoak dituzte eskuartean eta, beraz, eurek atsegin dutenak, kezkek, ikusmoldeak eta etorkizunari buruzko hausnarketak «nahitaez» agertu behar zutela esan du Barriok. «Haiek grabatutako bideoak dira, nahitaez ikusten da haiek ikustea nahi dutena».

Ikus-entzunezkoak euskaraz zein gazteleraz aurkezteko aukera zegoen eta, alde horretatik, «zailtasunak» izan dituzte, «batez ere Araban, ez baitago euskarazko lan asko. Baina, tira, Bizkaia eta Gipuzkoatik dezente jaso ditugu». Aparteko saria izango du euskarazko «mobilmetraia» onenak.

«%100 Ingurune Mobila» ekimenaren baitan hainbat tailer antolatu dituzte eta, horien balorazioa egiteko orduan, Barriok azaldu du espero zutena topatu dutela. Bi motatako tailerrak egin zituzten; batzuk saltoki guneetan -gazteak parte hartzera gonbidatuz- eta, besteak, gazteleku eta kultur etxeetan. Azken hauetan, lehiaketaren nondik-norakoak azaldu eta web 2.0-aren teoria landu dute. «Ikastaro modukoak izan dira. Azaldu nahi geniena zen haiek ere izan daitezkeela haien informazioaren igorle, gaur egun eskuartean ditugun tresnekin plazaratu ahal dituztela haien informazioak edo gura dutena. Azken batean, halako euskal `YouTube' bat proposatu genien». Antza denez, nerabeek bazeukaten tresna horien berri: «Guk uste bezala, jada zintzilikatzen dituzte bideoak eta blogak ere badituzte, baina orain teoria sakonago aztertu ahal izan dute».

Ekainaren 20an jakinaraziko dira zein diren lan sarituak, baina dagoeneko hurrengo urtean «%100 Ingurune Mobila» ekimenak bigarren edizioa izango duela ziurtatua dago: «Lehenengo esperientzia bezala, balorazioa baikorra da. Bidea irekita, hurrengo urterako gauza gehiago lantzeko modua izango dugula uste dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo