GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautagaien engaiamendu argia eskatu du Leiak Pirinioez gaindiko bide egitasmoaz

Kontseilu Nagusiaren Donapaleuko egoitza okupatu zuten atzo Leiako kideek, 2x2 bide proiektuaren inguruan Lasserre presidenteak jarrera argia azaldu dezan eskatzeko. Hala, Hautagaiei okupatutako gunera joateko eta egitasmoaren aurka engaiatzeko eskatu zieten.

Ainize BUTRON |

Leia elkarteko hirurogei bat lagun joan zen atzo Donapaleuko Kontseilu Nagusiaren ordezkaritzara. Arratsaldeko hiruak zirela, egoitzan sartu eta bertan zegoen idazkariari lekua mugagabeki okupatuko zutela jakinarazi zioten.

Ekintzaren bidez, Leiak, berriz ere, Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko buruari eskatu nahi izan dio Pirinioez gaindiko bide proiektuaren inguruan jarrera argi bat azaldu dezan. Joan den abenduaren 31n Donapaleun egindako manifestazioan egin zuen lehen aldiko elkarteak deialdi hori. Geroztik bost hilabete iragan direla-eta, Kontseilu Nagusiarengandik «ixiltasun» osoa zegoela nabarmendu zuen Leia elkarteak.

«Prentsaren bidez jakin dugu Jean-Jacques Lasserre proiektua «izozten» zuela. Erantzun horrek ez gaitu asetzen. Proiektu horrek gure lurraldearentzat ondorio latz asko izan ditzazke, beraz, ez da hauteskunde edo interesen arabera plazaratu edo baztertu daitekeen gaia», goraipatu zuen elkarteak.

Horiek hala, Lasserren adierazpen argirik izan arte bertan egoteko asmoa zeukatela gehitu zuten Leia elkarteko kideek. Tartean, Asanblea Nazionaleko hauteskundeen kanpaina dela-eta, IV.hautes-barrutiko hamahiru hautagaiak okupaziora joatera deitzen zituztela esan zuten ere bai. «Proiektuarekiko jarrerak eta engaiamenduak azaltzeko eskatzen diegu», gehitu zuten.

Duela hamar bat egun hautagai guztiei gutun bat helarazi ziela jakinarazi zuen Leiak atzo. «Gutun horretan Leiak hautagaien engaiamendu argia eskatzen du. Ez gara hauteskunde kanpaina garaiko hitz ederretan fidatzen. Horregatik, guhaurek idatzitako proiektuaren aurkako engaiamendu testua helarazi diegu izenpetu, eta lehen bai lehen itzuli dezaten», erran zuten. Engaiamendua hartu duten hautagaien zerrenda astelehenean bertan publiko egingo zutela argitu zuten.

Mobilizazioak jarraitu

Herritarren iritzia izateko Kontseilu Nagusiak bitartekariak jarri zutela nabarmendu zuen, berriz ere, Leiak. Orain arte, Nafarroa Beherean egitekotan ziren permanentziak bertan behera geratu badira ere, bilkurak eginen dituzten herri bakoitzean mobilizazioei eustera deitu zituzten herritarrak.

Hauteskundeak «kexuak» azaltzeko eremua

Inguramen Defentsako Elkarteen Kolektibo CADE elkarteak legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina baliatu nahi izan du ere bai, abiadura handiko linea berriaren gaia berpizteko. Eta, banan-banan hautagai edo alderdi bakoitzak azken hilabeteotan gai horren inguruan izandako jarrera gogoratu du.

Eskuin eta zentroko alderdien aldetik, bai UMP Jean Grenet V. hautes-barrutiko hautagaiarekin, baita UDF-Modem alderdiek ere, trenbide berriaren aldeko jarrera aktiboa izan dutela azpimarratzen du CADEk. Era berean, Alderdi Sozialistaren aldetik lekuko hautagai eta ordezkari nagusiak alde agertu eta aritu zirela salatu du. Azkenik, Berdeak, LCR eta Euskal Herria Bai alderdiek CADE kolektiboak hasieratik bultzaturiko aldarrikapenekin bat egin zutela esan zuen.

Horiek gogoratu eta, RFFren proiektuak ukitu ala ez, legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulia beraien «kexua» adierazteko baliatzera deitu zituen hautesleak CADE kolektiboak.

Horren haritik, Uztaritz herrian bide berriaren aurka sortu berri duten ingurumena defendatzeko elkarteak, bere aldetik, bat egin zuen deialdi horrekin ere bai. A.B.

Gutuna

Duela hamar bat egun IV. hautes-barrutiko hautagaiei gutun bat helarazi zien Leiak, eta, bertan, kanpainaren hitz ederretatik at Pirinioez gaindiko bide egitasmoaren aurka zehazki engaiatzeko eskatu zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo