GARA > Idatzia > Kultura

«Euskal Idazleen Agente Digitalerako bidean, baita `idazleak.org' web berria ere»

GARA | BILBO

Euskal Idazleen ELkarteak (EIE) www.idazleak.org webaren diseinu berria Bilboko Euskararen Etxean aurkeztu zuen atzo. Hasier Rekondo EIEren komunikazio arduraduna, Fito Rodriguez EIEren lehendakaria eta Joserra Aizpurua Adur enpresako arduraduna izan ziren.

EIEk azken bost urteotan webgintzan metatu esperientzia baliatu dute berriki abian jarritako gune berria egin ahal izateko. Azaldu zutenez, elkartearen lehen webgunea prestatu zutenean beste erakunde batzuekiko bereizketa nagusia izan zuen, hots, erakuslehioa baino zerbait gehiago izan behar zuen. Eta, azken urteotan EIEk garbi irudikatu du teknologia berriekin lortu nahi duen xedea: «Euskal Idazleen Agente Digitala izatea», alegia. Hala, hiru elementu hornitu eta uztartu behar izan dituzte: idazleak, zerbitzuak eta administrazioa.

Fito Rodriguezen esanetan, «webgunea da EIEren komunikazio tresnarik garrantzitsuena. Bere bitartez informazioa hedarazten die bazkideei, berarekin elkarlanean jarduten duten elkarte eta instituzioei, ikastetxeei, kultur eragileei; azken batean, gizarte osoari». Zera erantsi zuen: «webgunetik bertatik kudeatzen dituzte EIEk eskaintzen dituen zerbitzuetako batzuk; hala nola Idazleak Ikastetxeetan programa bertatik kudeatzen dute hein handi batean, eta helburua da etorkizunean joera hori areagotzea. Hots, EIEk eskaintzen dituen zerbitzuak bere osotasunean webetik kudeatu ahal izatea».

Joserra Aizpurua Adur enpresako arduradunaren iritziz, bi faktore nagusi landu dituzte web berriarekin: «idazlea eta zerbitzua». «EIE eta gure enpresa bazkide teknologikoak gara orain dela bost urte», erantsi zuen.

Idazleen gaineko informazio eguneratua eskaintzeko asmoz, idazleen eta beren idazlanen etenik gabeko gizarteratzea egin ahal izateko, hainbat atal prestatu dituzte webgunean. Eduki berriei dagokienez, gunearen azalean zenbait atal berri izango dira. Astero idazle bati eskainitako txokoa izango da berrikuntza nagusia. Eta, gainera, elkarteko bazkideei egin elkarrizketak sartuko dituzte.

Bazkideekin, eta literaturarekin oro har, zerikusirik duten albisteek hornituko dute ataria. Eta, bazkide bati egindako elkarrizketa, asteko egilea, kronika eta agenda eguneratua ere izango ditu.

Bazkideek bidalitako 152 testu hautatu dituzte webean eskegita, eta horietako 120 ingelesera itzuli dituzte. Aurki sareratuko dira, halaber, gaztelaniara itzuli bazkideen idatziak.

Eranskina baino gehiago

Web bidez, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen saia- tuko dira, eta abiatzeko ikastetxe edo kultur etxeekin antolatzen dituzten ekitaldien berri emango dute. Web-jarduera EIEren eguneko langintzan txertatu nahi dutela esan zuten: «ez da inola ere eraskin gisa tratatu nahi».

Weba da EIEren komunikazio tresnarik garrantzitsuena, baina ez bakarra. Horren adibide dira ere «Hegats» eta «Kalegats» literatur aldizkariak . Literatura eta merkatua izan du ardatz «Kalegatsen» azken zenbakiak; aldiz, «Hegats»en 39. alerako, literatura eta zinema landu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo