Tradiziotik abiatuta, jazz ukituko doinu garaikideak bildu ditu Josetxo Goia-Aribek disko berrian
«Los pendientes de la reina - Emakume baten oroimena» diskoa plazaratu du Josetxo Goia-Aribe konpositore eta saxo-jotzaileak. Ohi bezala, tradiziotik abiatu eta jazz ukituko doinu garaikideak sortu ditu.
Martin ANSO | DONOSTIA
XX. mende hasieran bazen Muru-Asterainen seme-alaba eta bilobekin Iruñeko sanferminetara oinez joaten zen edadeko emakume bat. Hura zezenek eta festetako gainerako ikuskizun handiek ez omen zuten gehiegi erakartzen; hari erraldoi eta kilikien konpartsa gustatzen zitzaion gehien, eta bereziki Europako erreginaren belarritakoen mugimendua. «Begira, begira nola mugitzen diren», esan ohi zien seme-alaba eta bilobei. Emakume haren familiaren baitan belaunaldiz belaunaldi transmititu den detaile txiki horrek hunkitu egin zuen Goia-Aribe, eta musikari nafarrak istorio horren eta hori bezain «txikiak» diren beste hainbaten inguruan taxutu du Errabal zigiluaren eskutik plazaratu duen diskoa.
Ohi duen bezala, tradiziotik abiatu da Goia-Aribe, baina bere lanean ez dago iragan-minik. «Gure folklorea ikaragarri maite dut, baina betiere nire garaitik ikusita», adierazi zuen atzo Donostian eginiko aurkezpenean.
«Los pendientes de la reina - Emakume baten oroimena» Goia-Ariberen bosgarren diskoa da. Musikariak berak atzo gogorarazi zuenez, aurreneko hirurak, «Auñamendi», «Eunate» eta «Herrimiña», zeharo instrumentalak izan ziren. Laugarrenean, berriz, lehen aldiz sartu zuen ahotsa, Maddi Oihenartekin, eta bosgarrenean ere bide beretik jotzea erabaki du; Estitxu Pinatxorekin, baina.
Pinatxo beratarra ez da diskoan Goia-Aribek izan duen laguntzaile bakarra. Izan ere, pianoa Sorkunde Idigoras donostiarrak jo du, eta kontrabaxua, Luisa Maria Brito portugesak. Kolaboratzaile moduan, berriz, Guillermo McGill aritu da perkusio-tresnekin, eta Diana Campoo, kriskitinekin.
Hamabi dira, guztira, disko berria osatzen duten piezak. Horietatik bost instrumentalak dira; eta gainerako zazpiak, berriz, kantak. Kanta pare bat -«Oi, Pello Pello» eta «Alferraren astea»- herrikoak dira. Gainerakoak, berriz, Josetxo Azkonaren, Lizardiren, Amaia Lasaren eta Gerardo Markuletaren poemetan oinarritzen dira. Kanta bakarra dago gaztelaniaz, Gustavo Adolfo Becquerren «Las golondrinas», Goia-Aribek XIX. mendean Jaurrietako zenbait neska alpargatagileri Mauletik bueltan zetozela gertatu omen zitzaien tragediarekin lotzen duena.
«Egiten dudan lanaz hitz egin behar dudanean, lotsa edo pudore pixka bat sentitzen dut, baina kritikariek egonean egoten ez dakien musikaria naizela esan ohi dute, eta hori gustatzen zaidala aitortu beharra daukat. Egia da badudala gauzak modu diferentean egiteko eta errateko gogoa», esan zuen atzo Goia-Aribek.
Iruñeko sanferminetan
«Los pendientes de la reina»ri nola-halako «emetasuna» dariola ere esan zuen. Izan ere, aldez aurretik erabakitako gauza ez izan arren, diskoan emakume askok hartu dute parte. «Lagun batek baino gehiagok erran didanaren arabera, hori nabaritu egiten da», esan zuen.
Kontzertu formatuan, Iruñeko sanferminetan aurkeztuko dute «Los pendientes de la reina - Emakume baten oroimena» diskoa, zehatz-mehatz, uztailaren 11n.
Errabaleko arduradunei eskerrak emateko aukera ere aprobetxatu zuen atzo Josetxo Goia-Aribek, «haien laguntzarik gabe ez baitzen hau ateratzen ahal izanen». Gaztelupeko Hotsak-ek jazza-eta argitaratzeko orain dela urte pare bat sortutako zigilua da Errabal.