GARA > Idatzia > Kultura

«Bizitzaren helmugan» lehen diskoa kaleratu du Arbaso Ondarroako seikoteak

Askatasuna, arrazakeria eta euskara dira Arbaso taldeko lehen diskoko kantuen ardatzak. Lau urtetan landutako doinuetan soinu bortitzak eta goxoak nahasten dituzte taldekideek.

GARA | BILBO

Arbasok, Ondarroako kostaldean hazitako taldeak, bere lehen lana aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Babel Music diskoetxearen eskutik kaleratu dute «Bizitzaren helmugan» diskoa. CDak azken lau urteotan landutako zortzi kantu jasotzen ditu. Bere jatorrizko euskara Ondarrukoa izan arren, diskoko hitzak batuan kantatzen ditu seikoteak.

Lander eta Nerea dira kantariak, baina Nereak taldean denbora gutxi daramalako diskoko kanta bakarra -Agur esaiozu- interpretatzen du. Beste guztietan Landerren ahotsa -gitarra jotzailea ere bada- entzun daiteke. Biokin batera, Iñigo gitarran, Andres baxuan, Patxi baterian eta Jon perkusioan aritzen dira. Esan bezala, Nerea izan zen taldera batu zen azken kidea. Ordura arte mutilak ziren guztiak baina beraien rock estiloari ukitu goxoagoa eta melodikoagoa eman nahi ziotela eta, neskaren ahotsaz baliatu ziren.

«Bizitzaren helmugan» izenburu bereko kantarekin Euskadi Gazteko XVI. maketa lehiaketaren entzuleen bigarren saria irabazi zuten. Beraien musikak rock oinarriak ditu abiapuntu, metal joerak dituzte gustuko baina tartean ikutu epikoa ere ematen diete kantuei.

Diskoan jorratzen dituzten gaiak -arrazakeria, euskara eta askatasuna- taldekideen kezken ispilua dira. Grabazioa AME estudioetan egin dute Axular Arizmendirekin. Kolaboratzaileak ere izan dituzte, hala nola, Keu, Toki, Jabi Caballero eta Axular bera. Horiei esker taldeko ikuspuntu melodikoa aberastu da perkusioetan, gitarretan zein koruetan.

Euskal Eskola Publikoaren jaia

Diskoa aurkezteko Abadinon eta Zamudion kontzertu bana eman dute eta beste emanaldi batzuk dituzte eskuartean. Hilaren 3an, igandean, Ondarroan ospatzekoa den Euskal Eskola Publikoaren jaian joko dute, jai horren abestia beraiek konposatu baitute. Horretaz gain, bi aste barru euren herrian joko dute berriro, eta, guztiz lotuta ez dagoen arren, Durangon eta Gasteizen ere diskoa zabaltzeko asmoa dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo