GARA > Idatzia > Real Sociedad

Txuri-urdinen krisia

Konponbide premia ez da kirol arlora mugatzen

Erakunde egonkortasuna eta taldearen sendotasuna beharrezkotzat jotzen ditu Gari Urangak

GARA | DONOSTIA

Mendian bizi arren, dut ikustekoa, gaztainaren aldaxkez jantzirik pagoa... Futbolan ere, jokalariak protagonista izan arren, zuzendaritzen lanak zerikusi galanta izaten du taldeen ibilbidearekin.

Ez da ohikoa burugabeko klub batek goi mailako isla izatea kirolean, ez eta alderantzizkoa ere. Bete beharreko legea ez bada ere, sendotasuna edota burugabekeria antzerako indarrarekin agertzen dira erakunde baten arlo guztietan.

Horregatik, ziur aski, Gari Urangak esfortzu berbera eskatu zien arlo guztietako arduradunei, bere buruari ere, betiko Reala berreskuratzeko.

Jokalaria ez dago batere pozik azken urteotan gertatzen ari denarekin. «Ezin izan dugu erritmo on bat hartu», kexatu zen. «Honek ...etxe bat dirudi; beno, hobe da ez esatea. Egonkortasun eza nabaritzen ari da azken urte hauetan, eta eskatzen dugun bakarra hori da, egonkortasuna. Bai Kontseilu honekin edo beste batekin, baina lasaitasuna nahiko genuke», azaldu zuen.

Argi dauka, hala ere, Urangak egonkortasun hori ezin dela egun batetik bestera lortu. Taldeak, berriz, ezin du itxaron: jokoan dauden sei puntuak eskuratu behar ditu eta, beraz, bere lana bete behar du beste aldera begiratu barik. «Muturreko egoera batean gaude, baina amaiera arte saiatu behar dugu -onartu zuen-. Jokalariok oraindik ere esperantza daukagu».

Saviok bat egin zuen taldekidearekin. «Jarraitu behar dugu oraindik ere itxaropena baitago», gogorarazi zuen. «Burua altxatu behar dugu». Izan ere, brasildarrak nabarmendu zuenez, futbolean dena alda daiteke oso denbora gutxian, eta zaila izan arren, «edozer gerta liteke». Hori bai, «edozer» hori gertatzeko, sei puntuak lortzeko erantzukizuna dutela onartu zuen. «Lehenik Racingi irabazi behar diogu eta gero Valentziara joango gara asmo berberarekin».

EGONKORTASUNA

Gari Urangak azken urteotan izandako erakunde-ezegonkortasuna deitoratu du, taldeak ondo aritzeko lasaitasuna behar duela uste baitu.

BI ZATI

Taldearen erantzukizuna agintariena da, baina baita jokalariena ere. Eta horiei beren lana inoiz baino hobe egitea egokitzen zaie hurrengo bi asteotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo