GARA > Idatzia > Herri-kirolak

SEGA Gipuzkoako Txapelketa

Berrikuntzekin abiatuko da aurtengo lehiaketa

Hiru kanporaketa jokatuko dituzte, bi era tradizionalean eta bestea nazioarteko erara; punturik gehien duten lau kirolariek lortuko dute finalerako txartela

Jon LEUNDA | BAIONA

Gipuzkoako Segalarien Txapelketa abiatuko da etzi Orendainen, eta aldaketa batzuekin helduko da aurtengo lehiaketa. Partaideen kopuruak behera egin du, baina herrialde horretako federazioak berrikuntzen bitartez indarra eman nahi dio.

Aurten bost segalarik hartuko dute parte, eta honako hauek izango dira lehian: Goikoetxea, Gabirondo, Ormaetxea, Arteaga eta Alkorta. Aurten hiru saio egingo dira kanporaketa moduan, baina hiruretan bostek hartuko dute parte, eta hortik bakarra geratuko da kanpora.

Hiru saio horietatik bitan era tradizionalean egingo dute lehiaketa, eta segalariek ordu erdia izango dute lanerako. Horiek amaitutakoan, kilorik gehien mozten dituen segalariak irabaziko du saioa. Bi kanporaketa horietan puntuak banatuko dira, eta 10, 8, 6, 4 eta 2 puntu jasoko dituzte.

Hirugarren kanporaketa, berriz, nazioarteko erara izango da, eta segalariek 100 metro karratuko bi sail izango dituzte; atsedena izango dute kirolariek sail batetik bestera. Horren amaieran ere sailkapen bat egingo dute, eta puntuak banatuko dituzte, baina ez betiko eran egingo den moduan. Honela izango da: 5, 4, 3, 2 eta 1.

Txapelketa etzi hasiko da, eta Orendainen egingo dute estreinako saioa 18.00etan, eta betiko erara izango da. Bertan izango dira izena eman duten bost segalariak. Bigarren jardunaldia ekainaren 10ean jokatuko dute Zizurkilen, eta han nazioarteko erara egingo dute. Azkeneko saioa, berriz, ekainaren 24an jokatuko dute, Erdoiztan, Errezilgo auzoan. Lau onenek finala uztailaren 1ean Larraitzen jokatuko dute.

Aurten, emakumezkoen lehen txapelketa ere antolatu dute, eta hori Zizurkilen izango da ekainaren 10ean. Horiek 35 metro karratuko bi sail ebaki beharko dituzte, baina oraindik parte-hartzaileen zerrenda ez da go erabat zehaztuta.

Mugertza eta Atutxa

Nazioareko eran Europako Txapelketa datorren abuztuaren hirugarren asteburuan jokatuko dute Austrian, eta ordurako selekzioa egiteko, bi kanporaketa jokatuko dituzte, Almintza Elkarteak antolatuta.

Lehenengoa ekainaren 16an izango da Tolosan; eta bigarrena, berriz, ekainaren 24an Olaberrian. Jadanik segalari mordo batek eman du izena, baina horretarako epea heldu den ekainaren 7an amaituko da, eta 615 743 411 edo 656 726 490 telefono zenbakietara deituta egin daiteke, edo baita almintzasega@yahoo.es posta elketronikora idatzita ere.

Lehiaketa horiek bai emakumezkoentzat bai gizonezkoentzat izango dira, Europako Txapelketa ere horrela jokatuko baitute.

Lehenengoa

Txapelketa etzi arratsaldean abiatuko da Orendainen, eta betiko erara egin beharko dute lehian. Bakoitzak ordu erdia izango du ahalik eta belar kilorik gehien batzeko.

Neskak

Emakumezkoak ere nazioarteko eran dabiltza, eta aurten lehenengo aldiz Gipuzkoako Federazioak ere herrialdeko txapelketa antolatu du. Zizurkilen izango dira ekainaren 10ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo