Adriano de Mata Deustu
Correos-i eskerrak?
Hauteskunde egunean nire herrian egon ezingo nintzenez, eta aurrekoetan hainbeste arrakasta izan zuenez, posta bidez bozkatzea erabaki nuen aurten ere. Bilboko posta-bulego nagusian paper guztiak bete, nire Gasteizko helbidea zuzen ipini, eta azkenean zertarako? Posta bidezko botoa amaitu eta aurreko egunean oraindik ez nuen gutunik jaso, beraz Correos-era joan nintzen. Oraindik epea amaitu ez zenez, hurrengo egunean itzultzeko eskatu zidaten. Nik, txintxo-txintxo, hurrengo egunean itzuli. Epea amaitzeko lau ordu besterik falta ez zirenean, Gasteiztik txangoa egitera gonbidatu ninduten: posta-bulegotik hautesle-erroldara, eta buelta... hainbat aldiz. Azkenerako jakin genuen bozkatzeko behar nuen gutuna «banatzeke» zegoela, postaria nire etxera etorri izan omen baitzen eta ez omen baitzuen inor topatu (eta oraindik nago eskutitzaren zain). Ondorioz, gutuna ez banatzea erabaki zuen. Posta bidez bozkatzeko eskaera egin nuenez, ez nuen Bilbon bozkatzerik. Hala, bozkatu barik geratu naiz. Gutxi ginen, eta niri egin didaten «faboreari» esker, bat gutxiago, are okerrago, garaile aterako denari bozkatu izan banio bezala. Norena da erantzukizuna? Hauek ez ziren inondik inora hauteskunde demokratikoak, eta gertatu dena gertatuta, nik esan dezaket demokrazia batean bizi naizela?