Xabier Kintana
Bizardoaren sindromeaz eta
Orain arte, koaliziokide biek mesede besterik ez zuten hartu, bai jende abertzaleen estiman eta bai, horren ondorio zuzenak diren botoen bidez, botere politikoaren eremuetan ere
Nork ez du adiskideren bat, aspaldidanik bizarra duenik? Baina, halako batean, gutxien espero dugunean, horra hor non agertzen zaigun, bizarra mozturik, lagunok benetan bera ote den ala ez zalantzan utzirik. Halakoetan, guztiok galde egin ohi diogu ea bizarra zergatik moztu duen, ia-ia haren nortasunaren ezin kenduzko osagarria zen-eta. Denek ez dakit, baina askok behintzat honela erantzun didate: Neure egiazko aurpegia berriro ikusteko gogoa izan da, lehenagokoa, aspaldian bizarragaz mozorroturik nengoen eta. Ile-mozketa horretan, inoiz edo behin, ezusteko- ak gertatzen dira: bizarrak estaltzen zion aldea gainerakoa baino zurbilagoa ageri ohi da, eta, maiz, orbain ahantziez eta bona sortu berriez josia...
Halako zerbait gertatu zaio, antza, EAri hauteskunde hauetan. Aspaldian EAJrekin batera joateak ekarritako bizarra gainetik kendu nahi izan du eta bere benetako aurpegia garbi ikusi. Ez zen irudimen handiegia behar, egia esan, bizar horren petik zer atera zitekeen asmatzeko. Orain arte, koaliziokide biek mesede besterik ez zuten hartu, bai jende abertzaleen estiman eta bai, horren ondorio zuzenak diren botoen bidez, botere politikoaren eremuetan ere. Diotena diotela, gauza jakina da, interespeko ezkontzak, ezkontide biak irabazten irteten direnean, sarritan maitasunezkoak baino iraunkorragoak izaten direla. Eta hori argi zeukaten buruan EAko kide ugarik, behin beren buruzagiek hauteskundeetara bakarka aurkezteko asmo iluminatua jakinaraztean, alderdiari ezohiko batzarra eskatu baitzioten, erabaki hori birpentsatu eta berriz ere koalizioan joateko erreguarekin. Eta orduko eztabaidetan galdu bazuten ere, oraingo emaitzek erabateko arrazoia eman diete.
Ez zen oso jakintsua izan behar zer nolako deskalabrua gertatuko zen igartzeko. Baina EA-ren zuzendaritzakoak horraino ere ez ziren heldu. Alderdia ongi erroturik zegoen tokietan agintaritza ergelki galdu, batzuetan aurreko koaliziokideen onerako (gaitzerdi!), beste batzuetan udalaren gidaritza espainolisten esku uzteko, eta, edozein kasutan, indar abertzaleen kalterako. Ondorioz, garrantzi handiko karguak egoera txarrean gelditu dira eta Eusko Jaurlaritzari ere ezegonkortasuna ekarri, boto-emaileen arteko sestrak, atsekabe eta amorru etsia ez aipatzearren.
Gauzak garbi. Horrek, erabateko arduragabekeriaz gainera, bestelako izen itsusiagoa ere merezi du: mundu osoan, etsaiak harturik lagun dabilenari eman ohi zaiona. Ez dut uste hemendik aurrera ilusio ez konfiantza handirik sorraraziko duenenik hautesleak eta, oro har, abertzale guz- tiok, horrelako ondorio negargarrietara eraman gaituen alderdiak. Horrek, hauteskundeetara jo eta ke bakarrik aurkezteko zorigaiztoko erabakia hartu duen zuzendaritzaren dimisioa ekarri beharko luke. Eta gero gerokoak.
Bestalde, ez da oso zorionekoa izan, EAJk Gipuzkoan izandako beherakada. Joxe Joan Gonzalez de Txabarri esperientzia luzeko politikaria da, kudeatzaile bikaina, abertzale ezagun eta gutxi bezalako euskaltzale frogatua; egia esan, gure panorama politiko erdaldunduan salbuespenezko perla distiratsua. Euskal kultura arloko jende guztiak, eskuin zein ezkerrekoak, estimatua eta halaxe aitortua. Begien bistan zegoen, eta koalizioan areago, kandidatu bikaina izan zitekeela. Horren ordez baina, fideltasun pertsonala segurtatzeko asmoz nonbait, pertsona erabat ezezaguna proposatu zuten batzuek, eta haren azalean hazka egitean foru-ondasunarekin badaezpadako egoera susmagarrian murgildurik zegoela ageri zen, haren proposatzaileen, alderdiaren eta abertzale guztion lotsarako. Ondoren, gainera, Irungo eskandalua etorri zen, hura handitu besterik egin ez zuena.
Udal ez gutxitan, alkate eta zinegotzi askok, alderdiaren afiliazio-karneta erakusten dute abertzaletasun-ageri bakartzat. Aldi berean, zorri prestuen bizimodu loriatsua daramate. Azken urteotan kargu publikoak ematen dien informazio pribilegiatuaz baliaturik, lur espekulazioaz bereziki, beren ondasunak era harrigarrian handitu dituzte, eta, aldi berean, euskara, kultura eta ingurumenarekiko axolagabekeria nabarmenena erakusten, inolako lotsarik gabe. Eta jokabide hori, denborak ordainarazten daki.
Garaia da, beraz, horrelako laguntxokeria eta alderdikeriak alde batera utzi eta gure pertsona publikoen moralaz, ideologiaz eta euskaltzaletasunaz, eguneroko erabaki eta eginetan islatuaz, gehiago ardura gaitezen, koroadunaren ezkontideak, garbia izateaz gainera, eredugarri ere agertu beharra dauka-eta.