Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu ditu Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra
Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain oso izendatu zituen atzo Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan egin zuen osoko bilkuran. Biak izendatu zituzten Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren. Ekitaldia bukatu zenean, euskaltzain berriek hunkituta sentitzen zirela adierazi zuten.
Karolina ALMAGIA | BILBO
«Hunkitu egin naiz -aitortu zuen atzo Sagrario Alemanek, Euskaltzaindiaren egoitza aurrean, osoko bilkuratik atera zenean-. Poza sentitu dut, baina kexka pixka bat ere bai». Joseba Lakarrarentzat ere «pozgarria» izan zen izendapenaren momentua. «Nahiko sorpresa hartu nuen proposatu nindutenean. Baina, zerbait egin ahal badut erakundearen barnean, ahaleginduko naiz egiten».
Apirilaren 20an, Euskaltzaindiak Etxalarren egin zuen osoko bilkuran, Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain urgazleak proposatu zituen, 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak betetzeko. 27. zenbaki-hutsarterako, Sagrario Aleman proposatu zuten Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iñigo euskaltzain osoek; 28. zenbaki-hutsarterako, berriz, Joseba Lakarra proposatu zuten Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek. Atzoko osoko bilkuran, Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren, Aleman eta Lakarra izendatu zituzten.
Joseba Lakarrak nahiko ondo ezagutzen du Euskaltzaindia, azken hamasei urtean urgazlea izan baita. Gainera, ikerketak egin ditu aurretik erakunde horrekin elkarlanean. Sagrario Alemanek, berriz, «kanpotik» ezagutzen du gehienez Akademia, nahiz eta orain dela urtebete urgazle izendatu zuten. «Espero dut orain ikastea pixka bat nola funtzionatzen duen. Nire lehenbiziko lana ikusi eta entzun egingo da», esan zuen irakasle nafarrak. Euskaltzain horrek ez daki oraindik zer lan-taldetan sartuko den. Lakarrak ere funtzionamendua hurbilagotik jarraitu nahi du lehenengoz.
Sagrario Aleman (Etxaleku, Nafarroa, 1952) Farmazian lizentziaduna da. Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan ezinbesteko erreferentzia da, eta 1972an hasi zen lanean helduen euskalduntzean. 1981-82 ikasturtetik Arturo Campion euskaltegian dihardu eta bertako zuzendaria da 1982. urtetik. Ikastaro, mintegi eta jardunaldi ugaritan ibili da irakasle, soziolinguistikaz, didaktikaz eta gramatikaz, besteren artean. Euskal Herrian Euskaraz taldeko partaidea, lehenengo urteetan, Zaldiko-Maldiko euskara elkarteko sortzailea ere bada. Horrezaz gain, Karrikiri euskara taldearen sorreran ibilia da, baita Euskalerria Irratiko hastapenetan ere. Lakuako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen joan den legealdian. Aleman Euskaltzaindian sartzen den laugarren emakumea da, Miren Azkarate, Ana Toledo eta Aurelia Arkotxaren ondoren. «Euskaltzaindian gertatzen ari da gizartean gertatzen ari dena, emakumeak gero eta gehiago ari direla sartzen arlo publikoan», esan zuen atzo. Nafarroari begira, Alemanen esperantza politika linguistikoa aldatzea da. «Edozein delarik ere, orain aterako den gobernuak espero dut orain arteko hizkuntz politika baino hobea egingo duela. Azken urteetan kaxkarra izan da oso».
Euskararen historia
Joseba Lakarrak (Arratzu, Bizkaia, 1962), Euskal Filologian lizentziadunak, 1994an doktoretza lortu zuen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako «XVIII. Mendeko Hiztegigintzaren Etorkiez» tesiarekin. Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna da, EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultatean; Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean dihardu.
Bere ikerketa-lerro nagusiak hauek dira: euskararen historia eta historiaurrea, eta euskal testu zaharren edizio eta analisia. Hainbat liburu publikatu ditu eta Euskal Idazleen Elkarteak argitaratutako «Euskal Klasikoak» bildumaren koordinatzaile izan zen. Juan Perez Lazarragak XVI. mendean idatzi zuen eskuizkribuaren lehen azterketa filologikoa eta literarioa Lakarrak egin du.
Bizkaitar horrek Jose Antonio Arana ordezkatuko du Euskaltzaindian. «Ezagutzen dut eta asko estimatzen dut. Zaila izango da bere tokia betetzea».
Sagrario Alemanek Nafarroan politika hizkuntza aldatzeko aldarrikapena egin zuen atzo. «Edozein delarik ere, orain aterako den gobernuak orain arteko hizkuntza politika hobea egitea espero dut. Azken urteetan kaxkarra izan da oso».