Amaia Ezpeldoi detektibea berriz plazara atera du Itxaro Bordak
Amaia Ezpeldoi, Itxaro Bordak duela hamabost bat urte sortu zuen detektibe zuberotarra, berriro plazara jalgi da. Hain justu, «Jalgi hadi plazara» da Bordak Susarekin plazaratu duen nobela berria. Oraingoan Bilbon da Ezpeldoi, desagertu den euskaltzain baten bila.
Martin ANSO | DONOSTIA
Bilbora, onomastika bilkura batera joan zenez geroztik, Gexan Hiriart apez euskaltzaina ez da ageri. Kasua ikertzea Amaia Ezpeldoiri agindu diote. Detektibe ezaguna Bizkaiko hiriburura joango da. Han topo egingo du Carmenekin, duela hogei bat urte maitale-edo izan zuen emakumearekin. Estevez ertzaina, Zokil neska armatua eta Haizemin abeslari transexuala ere ezagutuko ditu, eta haiekin batera ibiliko da hara eta hona euskaltzain desagertuaren bila.
Hau da orain dela hamabost bat urte Itxaro Bordak sortu zuen detektibe zuberotarraren abentura berriaren abiapuntua, hots, idazleak berak Susarekin atzo Donostian aurkeztu zuen «Jalgi hadi plazara» nobelaren abiapuntua.
Amaia Ezpeldoik orain arte izan dituen abentura guztietatik hau da, ezbairik gabe, akzio eta mugimendu gehien duena. Hau da, nolabait esateko, detektibearen nobelarik «zinematografikoena».
Thrilleretik zein road movietik edaten duen abentura barregarria da, «grotesko samarra», baina, Gorka Arrese Susako editoreak gogoratu zuenez, Amaia Ezpeldoiren istorietan eta, oro har, Itxaro Bordaren literatura guztian badago beti «erromantizismo eta, batez ere, melankolia sakon bat».
Requiem bat komedia moduan
«Ironiaz beteriko komedia da -jarraitu zuen Arresek-, baina ez gaitezen konfunditu, hau requiem bat da». Izan ere, «Requiem» da nobelaren azpititulua, eta atalak Mozarten «Requiem»en atalen arabera banatuta daude.
«Azken zortzi-hamar urtez -adierazi zuen atzo Itxaro Bordak-, Euskal Herriko egoera orokorki eta bereziki iparraldekoa aldatu da. Requiem hau zuzendua da lehen-lehenik iparraldeko euskarari. Nobelako euskaltzain desagertuek sinbolizatzen dute desagertzen ari den eta jadanik arrotz zaigun mintzatzeko eta idazteko modu hori».
Nobelaren bidez «euskal lurraldeen» gorazarrea ere egin nahi izan du Itxaro Bordak. «Beti gogoko izan dut euskal lurraldeak deskribatzea», gogoratu zuen. Horri dagokionez, kasu honetan Bilbo da protagonista. Gehienetan baserri giroan mugitu den Amaia Ezpeldoi «zoratzen du» Bilbok. «Hain da handi, zaratatsu, koloretsu... hain da den-dena, ezen, nobelan, Zuberoaren nostalgiarekin batera, Bilbo iluminatu bat agertzen den». Gasteiz ere nobelako hainbat pasarteren kokalekua da. Arabako hiriburua ere maite dute Amaia Bordak edota Itxaro Ezpeldoik, baina «beste ispiritu batekin».
«Gainera -jarraitu zuen Itxaro Bordak-, Bilbon, Ezpeldoik hogei urte lehenago asko maitatu zuen Carmen eta berton aurkituko du. Eta hor nostalgia bat da, zergatik ez ziren lehenago ausartu elkar maita zezaketela onartzera. Agertzen dira ere elkar maitatze hori trabatu duten aitzakia edo arrazoiak». Kontuan izan behar orain arteko abenturetan Amaia Ezpeldoik ez duela bere homosexualitatea espresuki agertu. «Anitzetan lesbiana bezala ibili izan da, baina ez du sekula erran. Hemen, aldiz, Carmenen laguntzarekin, `lesbiana naiz' erratera ausartuko da. Tituluak iradoki bezala, jauzi bat egin du plazara».
Bordak beste ñabardura bat egin zuen: nobela idatzi zuen ETAren su-etena indarrean egonda. Bere ustez, «Tregoa ona da euskaldunen espirituentzat, halako libertatea eskainiko balu bezala, nahiz eta, liburuan agertzen den bezala, arazoak ez diren konponduak. Tregoan, euskaldun gisa ere gure mamu eta hilotzei buru egiteko kuraia berreskuratzen dugula dirudi. Eta, beharbada, horregatik lehen aldiz hilotzak agertzen dira Amaia Ezpeldoiren abentura batean, eta horiek sinboliza dezakete guhaurrek bide bazterrean utzi ditugun hilotzak oro».
Mozartena ez da nobelan entzun daitekeen musika bakarra, «Jalgi hadi plazara»k, Itxaro Bordaren liburu guztiek bezala, soinu banda osoa duelako. Itoiz, Hertzainak, Sinead O'Connor,, Mikel Urdangarin, Kepa Junkera eta beste hainbat ere bide-lagun izan ditu Amaia Ezpeldoik road-movie horretan.
Amaia Ezpeldoi aspaldi hasi zen detektibe lanetan Larraineko gas-hodiaren auzian («Bakean ützi arte», 1994). Ondoren, Amikuzen eta Bardeetan ibili zen aferak argitzen («Bizi nizano munduan» eta «Amorezko pena baino», hurrenez hurren, biak ala biak 1996an argitaratuak). Abentura laburragoak ere izan ditu Parisen, Herri Urratsen eta Bretainian. Azken hori, «Kan ha diskan» tituluarekin, GARAko irakurleek zatika irakurri ahal izan zuten 1999an. Baina azken zazpi-zortzi urteotan Bordak ez du bere detektibearekin harremanik izan. «Plazer askorekin itzuli naiz Amaiaren urratsetara. Iragan uda pasatu dut berarekin, berak gidatu nau ala nik gidatu dut, ez dakit, Baionatik Bilbora, Bilbotik Gasteizera, eta Gasteiztik Bardeetara, horiek baitira `Jalgi hadi plazara'ko kokaleku nagusiak».
Itxaro Bordak aitortu zuen «%100 Basque» eta «Zeruetako erresuma» nobela «luze eta dorpeen» ondotik, Amaia Ezpeldoirengana itzultzea plazerra izan dela. «Espero dut plazer hori irakurleak ere sentituko duela». Berez, «hondartzan edo Eusko Treneko geltokietan» ere irakurtzeko modukoa dela nabarmendu zuen.
M.A.
Amaia Ezpeldoi detektibearen ikerketa euskararen inguruko ikerketa ere bada, hein batean, behintzat. «Dialektotik hasi eta jadanik euskara batu-batuaren bidean da», aitortu zuen atzo Itxaro Bordak.