Erralde hiltegia bideragarria eta onuragarria da
Erralde hiltegiak hiru hilabeteko ibilbidea du, baina dagoeneko haren bultzatzaileek balantze ona egiteko bezain luzea. Eta hala egin dute, bertan 2.000 inguru abelburu hil izanak hala adierazten baitu, eta bat datoz horrekin baserritarrak eta harakinak ere bai, bestalde, haien artean hiltegi horrek izan duen harrera erakusle ezin hobea bada ere. Baina abeltzainek eta harakinek ez ezik, kontsumitzaileek ere nabaritu dute proiektuaren onura. Eta, Aldunditik ez Lakuako Gobernutik inolako laguntzarik jaso gabe, argi utzi dute proiektu horren bideragarritasuna, hala nola Lakuaren asmoa, hiltegiak proiektu bakarrean batzea, ez zela hobea. Hartara, Durangoko hiltegia bultzatu zuten hamalau udal horiek erakutsi dutenez, eredu tradizionala ez du zertan izan defizitarioa industrialaren aldean. Aitzitik, esan daiteke beharrezkoa ere bazela. Erralde hiltegia errentagarria da, abeltzaintza sektoreari bultzada garrantzitsua eman dio -eta bultzada behar duen sektorea da- eta elikadura subiranotasuna gauzatu daitekeela frogatu du. Orain hamalau udalek osatutako elkarteak, esperientzia labur horrek eman dien arrazoiaren indarrarekin, beste udal batzuei gonbita egin die elkartera batzeko. Helburua ez da makala, baina ez da teoria hutsa, eta merezi du, iraunkor eta kalitatedun nekazaritzak merezi du-eta.