GARA > Idatzia > Ikusmira

NUPeko errektore berriak sumatzen duen egoera egokia ez dute denek ikusten

Ilusioz hartu zuen atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore berriak kargua. Ilusioz eta bere izaera publikoaz harro omen dagoen unibertsitate baten defentsan. Izan ere, izenez behintzat, publikoa da, baina ez herritarren kontrolpeko instituzioa, ezta bertan ikasten edota lan egiten dutenena ere, errektoreak diskurtsoan unibertsitatea gizartearen zordun dela esan bazuen ere. Lafuente hautatzea bera, irakasle talde txiki batek erabaki zuen: irakasle funtzionario doktoreek, haien botoek %54 balio baitute. Nolanahi ere, atzoko ekitaldi arranditsuak ezin du ezkutatu Unibertsitate horretako egoera ez dela errektoreak nabarmendu zuen «errealitate egokia», ezin ditu ezkutatu Bologna prozesuaren kontra, Unibertsitateko hainbat zerbitzu pribatizatzearen kontra, Unibertsitate horretan bereziki euskara baztertuta egotea salatzeko, besteren artean, izandako mobilizazioak. On litzateke errektoreak diskurtsoan transmititu nahi zuen jarrera irekia aurrerantzean arlo guztietan erakutsi eta denen arteko eztabaidari bide ematea; hauteskunde kanpainan Beste Unibertsitate Baten Aldeko Hitzarmena bultzatu zuten ikasle, irakasle eta langileek, aurkeztu zizkioten eskakizunei ezetza eman bazien ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo