GARA > Idatzia > Euskal Herria

Emakumeak lehen aldiz Lamiakoko elkartasuneko «Mundialito»n

Hamahiru selekzio izango dute ordezkaritza bihar Lamiakoko «Mundialito» deitzen dioten futbol txapelketan. Lehen aldiz, emakumeen txapelketa izango da aurten ere Bizkaian pertsona etorkinen erreferente bihurtu den elkartasun ekimen horretan.

Kepa PETRALANDA |

Emakumeak izango dira lehen aldiz bihar Lamiakoko futbol zelaian hasiko den elkartasuneko «Mundialito»n. BBK Solidarioak duela hiru urte errekuperatutako futbol zelaian, gizonezkoekin osatutako hamahiru selekzio eta emakumezkoen beste hamar taldek hartuko dute parte. «Futbola baino askoz gehiago» da ekimen hori.

Elkartasuneko dirua erabilita, Lamiakon, Gobela errekaren ondoan dagoen instalazioa berritu zuten duela bi urte. Inguru horretan, ekainean, Bizkaian bizi diren pertsona etorkinen kirola eta aisialdiarekin disfrutatzeko aukera izaten dute eta leku erreferentzial bihurtu da dudarik gabe.

Kirola biziki izan dute hara joaten direnek eta, horrekin batera, folklore eta musika emanaldiak antolatzen dituzte, haurrek ere hainbat kiroletan hartzen dute parte eta horrekin guztiarekin batera, etorkinen familiak bazkariarekin eta eguna pasatzera joango dira Lamiakora datozen asteetan.

Aurten, Kolonbia, Bolivia, Peru, Ekuador, Paraguai, Maroko, Senegal, Nigeria, Ginea Bissau, Argentina, Brasil, Errumania eta Leioako taldeek izango dute ordezkaritza. Horiekin, emakumeak 7ko futbolean arituko dira eta orotara hamar talde osatu dute.

Bertan formatutako arbitroak

Bizkaiko Futbol Federazioa eta BBK-k eginiko elkarlanari esker gainera, epaile etorkinak arituko dira «Mundialito»ren norgehiagokak zuzentzen. Iaz os-patutako finalean -Bolivia Autentikoak Andeetako Boliviari irabazi zion- arbitro modura aritu zena, Napo hain zuzen, aurten ere Lamiakon izango da eta berarekin Bizkaian ikasitako beste batzuk.

Hilabete osoan txapelketa jokatu eta gero datorren ekainaren 24an egingo dituzte finalak; gizonezko eta emakuzmekoen mailetan lehenbiziko hiru sailkatuek hartuko dituzte sariak eta, gainera, golegile nabarienak eta atezain onenak ere saria jasoko dituzte.

Bihar, igandean, 11.30ean hasiko da txapelketa. Aurkezpenean, BBK-ko ordezkari, Leioako agintari eta «Mundialito»n antolatze lanetan ari direnak izango dira. Elastikoak banatu eta gero, euskal eta Latinoamerikako dantzak ikusgai izango dira.

Ondoren, 12.30ak aldera, Jose Angel Iribar Athletic taldeko atezain eta entrenatzaile ohiak ohorezko sakea egingo du eta ondoren lehenengo futbol partidak izango dira. Umeen jokuak aldiz, futbol-zelai txikian hasiko dira 12.30ean ere bai. Eguraldiak lagunduta «Mundialito»ren hasiera borobila espero dute antolatzaileek.

iribar

11.30ean hasiko da aurkezpen ekitaldian Gobela errekaren ondoan dagoen futbol zelaian. Elastikoak banatu eta gero, Jose Angel Iribarrek egingo du ohorezko sakea. Datorren hilaren 24an egingo dituzte finalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo