GARA > Idatzia > Futbola

kanporaketAK Lehen kanporaketen joaneko partidak

Ametsen bideari ekingo diote hamar euskal taldek

Ekainean izango diren Bigarren A eta B mailetara igotzeko kanporaketak hasten dira gaur

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Ametsen bidea dugu ekaina hainbat talderentzat. Euskaldunen kasuan, hamar talde izango ditugu, gaurtik aurrera, Bigarren A eta B mailetara igotzeko kanporaketetan murgilduta, asteburu honetan jokatuko baituzte lehen kanporaketen joaneko norgehiagokak.

Guztien buru, Eibar eta Real Union dauzkagu. Gorri-urdinek, bertan 18 urte igaro eta gero iaz utzi zuten maila berreskuratu nahi dute; are gehiago irundarrak beren urrezko garaitik zenbat urte pasa diren kontuan hartuta, baita zein gertu ibili diren azken denboraldi hauetan ere.

Eibar izango da jokoan sartuko den lehenbizikoa. Konfiantzaz eta motibazioz beteta joan ziren atzo gipuzkoarrak L'Hospitalet-era. Batez ere, beren entrenatzailea, Javier Mandiola, horrelako egoeran izandako esperientzia gogoratu zuen, hain zuzen ere Real Unionekin, promozioaren azken minutuan kanpo geratu zenean. «Baina beste esperientzia bat daukat kanporaketetan -gogorarazi zuen atzo entrenatzaileak-, Eibarren bigarren taldearekin. Orduan igoera lortu genuen, 2.B mailara izan arren, eta errepikatzeko asmoa dut».

Eibarko taldea ez da bakarrik egongo Feixa Llarga zelaian. Zaleek hiru autobus bete dituzte ¯gehiago ere gerturatuko direla badirudi¯ gorri-urdinak laguntzeko asmoz. Guztion helburua emaitza ona lortzea da, kanporaketa datorren astean Ipuruan erabaki ahal izateko.

Hurrenkera alderantzizkoa izan arren, asmo berberarekin jasoko du bihar Real Unionek Alacant-en bisita. Denboraldia laugarren postuan amaitu ondoren, Javier Zubillagaren taldeari lehen partida jokatzea egokitu zaio. Irabazi eta atea hutsean mantentzea izango da zuri-beltzen helburua, itzuliko norgehiagokan gehiegi ez sufritzeko. Ez da gauza erraza izango, Alacant-ek denboraldia nola amaitu duen kontuan hartuta ¯bost garaipen lortu zituen jarraian¯, baina irundarrak eskuragarri ikusten dute lehen kanporaketa hori.

Eskuragarritasuna handitu eta, hiria eta zelaia girotzeko hainbat ekimen egin dute. Besteren artean, gaur Galera zuri-beltzez doazenei bufanda bat oparituko die klubak; aurretik, San Juan enparantzan dute hitzordua zaleek, bertatik irtengo baita zelaian amaituko den kalejira.

Hirugarren mailako hainbat taldek ere, lana dauka gaurtik aurrera ere. Hain zuzen ere, Amorebieta, Zalla, Beasain, Portugalete, Mutilbera, Tudelano, Peña Sport eta Egues, haientzat ere kanporaketak hasten baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo