Urrezko Lehiaketa
Lau txapel banatuko dituzte Landeta kiroldegian
Maila nagusiko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalek ikusmin handia piztu dute, baina aizkolari gazteen bi neurketak ere oso erakargarriak dira
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Egun handia izango da bihar Azpeitian; izan ere, Landeta kiroldegian, 12.00etatik aurrera jokatuko baitituzte Urrezko Lehiaketako lau final. Aizkorako hiru, eta harri-jasotzaileen bat izango dira.
Lau horietan indarrik handiena dutenak maila nagusiko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak dira, nahiz eta gazteen biak ere ez diren kaskarrak. Beraz, aizkora eta harri-jasotzea gustuko duenak, galdu ezinezko zita horietakoa du bihar eguerdian Azpeitian.
Maila nagusiko aizkolarien finala iazko bera izango da, han neurtuko baitira Joxemari Olasagasti eta Floren Nazabal. Azken hori da egungo txapelduna, eta bera izango da garaipena eskuratzeko faboritoa, baina kontuz ibili beharko du Olasagastirekin, gipuzkoarra ongi baitago, eta ezustea emateko prest agertuko da.
Lana laburrak dira ia denak, eta baten batean egur txarren bat egokitzea nahikoa izan daiteke denbora dezente galtzeko. Hala ere, bien asmoa aurkariari ahalik eta azkarren denbora ateratzea izango da, edo bestela azkeneko lanera bitarte aukerekin heltzea.
Aizkolariak 45 ontzako enborra ahalik eta kolperik gutxienean moztuz abiatuko dira. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar dute. Hirugarren lanean, aizkolariek kana-erdiko bat zutik erdibitu beharko dute. Hori amaitutakoan, oinbiko bat etzanda ebaki beharko dute, eta azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako izango dituzte erdibitzeko. Olasagastik Larretxea utzi zuen bazterrean finalerdietan, eta Nazabalek, aldiz, Arrospide.
Harri-jasotzaileen finalak ere ikusmin handia piztu du. Alde batetik, Izeta aita-semeak izango dira eta bestetik, Ostolatza eta Zelailuze. Lehen bikoa da garaipena eskuratzeko faboritoa, lehen fasean proba guztiak irabazi egin baitituzte, baina finalak beti final izaten dira, eta horietan edozer gerta daiteke, azken batean bi bikoen arteko aldea ez baita handiegia.
Bi biko horiek lehen fasean ere lehiatu ziren, eta orduan izetatarrek lortu zuten garaipena. Orduan, ordea, Zelailuze min hartuta zegoen, eta Urrutia aritu zen bere ordez.
Kiriolari horiek lau harri erabili beharko dituzte, baina bakoitzak baditu batzuk besteak baino gustuagokoak. Aiarrek, kubikoa dute maiteena, eta han aterako nahiko lukete aldea. Zestoakoak eta Mallabiakoak, aldiz, bola dute gustukoena, eta ordurarte gutxi galtzea espero dute, harri horrekin aldea egin eta garaipena eskuratu ahal izateko. Harri-jasotzaileek lau lan egin beharko dituzte. 125eko zilindro berria, 100eko zilindro zaharra, 113ko kubikoa eta 100eko bola. Harri bakoitzarekin aritzeko bi minutuko txandak izango dituzte.
Biko bakoitzetik bat arituko da zilindro berriarekin, eta bestea zilindro zaharrarekin. Kubikoarekin bat arituko da minutu batean, eta bikoteko bestea hurrengo minutuan, baina tartekatze horretan ez da erlojurik geratuko. Bolarekin, berriz, txanda librean arituko dira.
Gazteak
Aizkolari gazteak ere arituko dira final horietan. 23 urtez azpikoetan, Rekondo eta Mugertza II.a arituko dira. Leitzarrak bigarren finala izango du jarraian. Iaz Otaegirekin galdu egin zuen. Bera da faborito, baina mutrikuarra ezustea ematera aterako da. 18 urtez azpikoetan, berriz, Atutxa II.a eta Kañamares III.a lehiatuko dira. Lehenengoa da irabazteko faboritoa. Aizkolari handia da, kolpe handikoa da, eta lan hori primeran doakio. Kañamares gazteak ez du lan erraza izango.
Proba guztietan, kirolariak batera arituko dira. Ez da bat aurretik eta bestea atzetik izango, final bakoitzean, lehiakideak batera izango dira.
Deporte y Discapacidad. Con el objetivo de lograr un cauce a la realidad de la discapacidad, el C.D Zuharrak y la empresa LC consultores organizan estas primeras jornadas, de la mano de Metro Bilbao, que fueron presentadas ayer con numerosos apoyos. Estas se desarrollarán entre hoy y mañana .
Azken urte hauetan Urrezko Aizkorako finalak gauez jokatzen ziren. Larunbatean, gaueko hamaiketatik aitzinera. Horrekin kirolariek nahiko kexu agertu izan dira, eta berriro ere igande eguerdira pasatu dute.