«Txikimundi», oso liburu aproposa hazteko, handitu gabe
Hainbat idazleren poema, ipuin eta igarkizunak bilduta, alde batetik, eta, bestetik, Iñaki Martiarena «Mattin»ek marrazkiekin edertuta, «Txikimundi» plazaratu du Elkarrek, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkartearekin batean. Liburu aproposa hazteko, handitu gabe.
Martin ANSO | DONOSTIA
Ikasturte bukaeran Gipuzkoako eskola txikiek antolatu ohi duten festaren gastoak berdintzen laguntzeko «Gure mundu txikitik» liburua plazaratu zuen iaz Eskola Txikietako Guraso Elkarteak, Elkarren laguntzarekin. Liburu hark izan zuen harrera ikusita, aurten ere gauza bera egitea erabaki dute. Erabaki horren ondorio da «Txikimundi». Bertan, Juan Kruz Igerabidek, Jesus Mari Olaizola «Txiliku»k, Mitxel Muruak, Joxan Ormazabalek eta Xabier Mendigurenek paratutako poemak eta ipuinak bildu dituzte, denak Iñaki Martiarena «Mattin»ek kolorezko marrazkiekin edertuta. «Azken orrialdeetan igarkizun batzuk ere sartu ditugu, neska-mutilek burua pixka bat neka dezaten eta hemendik eta handik erantzunak bilatzen saia daitezen», adierazi zuen atzoko aurkezpen ekitaldian Joxan Ormazabal edizioaren arduradunetako batek.
Egileen izenean, Juan Kruz Igerabide idazleak hartu zuen hitza: «Liburu honetan bildutako testuak nahiko heterogeneoak dira -esan zuen-; izan ere, bertan, aipatutako egile guztien lanak ez ezik, Txuang Tzu txinatarraren testu bat ere agertzen da, bai eta hainbat herri ipuin ere. Dena dela, lan guzti-guztiak kontuan hartuta, marrazkiak barne, nik esango nuke jolasa dela liburuaren ardatzetako bat».
Iazko liburuan ere parte hartu zuen Igerabidek. «Batetik -adierazi zuen-, eskola txikien proiektua asko gustatzen zaidalako, pedagogia eta euskara aldetik oso garrantzitsua dela iruditzen zaidalako, eta, bestetik, neu ere hor ibili naizelako, maisu eta guraso gisa».
«Txikimundi» eskola txikietatik jaiotako produktu bat den arren, ez da eskola txikietako haurrentzat bakarrik. «Iaz, behintzat, oso ondo funtzionatu zuen zirkuitu zabalean eta aurten ere hala izango dela espero dugu», esan zuen Ormazabalek.
«Txikimundi»ren aurkezpenaren aitzakian, Gipuzkoako eskola txikiek aurten egingo duten festa ere aurkeztu zuten atzo. Zubietan izango da, ekainaren 10ean (www.blogak.com/zubieta2007).
Isidro Zalduak, Zubietako Eskolako Guraso Elkarteko lehendakariak, herri txikiek ere eskolen beharra dutela nabarmendu zuen: «Herri txikiak, eskola txikiak, liburu txikiak... Hazteko, handitu gabe».