GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fiskaltzak Otegiren aurka bertan behera utzi zuen auzi bat berriz ere zabaldu dute

Fernando Grande-Marlaska epaileak, Arkaitz Otazua ETAko militantearen omenaldian parte-hartzeagatik, Arnaldo Otegiren kontrako auzia zabaldu zuen berriz ere atzo. Fiskaltzak, martxoan, prozesu judizial hori bertan behera uzteko erabakia hartu zuen.

GARA |

Auzitegi Nazionaleko epaileak, Fernando Grande-Marlaskak, Arnaldo Otegiren kontrako auzia zabaldu zuen atzo. Prozesu horren funtsa, Otegik, 2003an, Herrerako portuan Ertzaintzarekin izandako tiroketa batean hil zuten ETAko militante gazte Arkaitz Otazuaren omenaldian izan zuen parte hartzean datza.

Kasua bereziki konplexua da. Izan ere, joan den martxoan konkretuki, Fiskaltzak kasu hori bertan behera uztea erabaki baitzuen. Gainera, atzokoan ere, Fiskaltzak auzia ez berraktibatzeko eskatu zion Grande-Marlaskari. Hala ere, epaileak berriz prozesu judiziala instrukzio fasea itzultzea erabaki zuen ebazpen baten bitartez.

Horren haritik, Grande-Marlaskak, Guardia Zibilaren Informazio Brigadari eta estatu espainoleko Poliziaren Informazio Unitate Zentralari (UCI) hamar eguneko epea eman die 2003ko irailaren 20an Otazuari eginiko omenaldian parte hartu zuten hogeitalau lagunek Batasuneko mahai nazionaleko kide ote ziren argitzeko.

Zerrenda horretan, Otegiz gain, Jone Goirizelaia, Pernando Barrena, Joseba Permach edota LAB sindikatuko idazkari nagusiaren, Rafa Diezen, izenak ere agertzen dira.

Fernando Grande-Marlaskak Antena3 telebistak omenaldia izan zen lekuan filmatu zituen irudi batzuk ikusi ondoren hartu du erabaki hori. Bertan, Arnaldo Otegik Otazuaren omenezko manifestazioaren bukaeran hitza hartzen duela ikusi omen daiteke. Grande-Marlaskaren ustez, Elgoibarko politikariaren hitzak «terrorismoaren goraipena» izateaz gain, «ekintza terroristak» justifikatzen omen ditu.

Egoera hori dela-eta, PPko idazkari nagusiak, Angel Acebesek, epailearen erabaki hori «Otegiren inpunitatea bilatzen duen Fiskaltzarekiko beste desautorizazio bat» dela nabarmendu zuen.

IRUDIAK

Antena3 telebistak 2003ko irailaren 20an Bilbon grabatutako irudi batzuetan aurkitu ditu Grande-Marlaskak Otegiren kontrako «froga berriak». Auziko parte ezberdinek, bideoa ikusteko aukera izan zuten atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo