GARA > Idatzia > Kultura

Altsasun izango den eskolarteko final nagusirako paseren batzuk banatu dituzte dagoeneko

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala hilaren 23an jokatuko dute Altsasun. Motorra berotzen hasi dira baina herrialdeetako finaletan. Atzo, adibidez, Bizkaian eta Gipuzkoan ere izan zen lehia.

GARA | BILBO

Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen XXIV. Bertsolari Txapelketea atzo jokatu zuten Bilboko Indautxuko El Carmen aretoan, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatuta. Herrialdeko txapela zegoen jokoan, baina saioak Euskal Herriko finalera nor joango diren ebazteko ere balio zuen.

Parte-hartzaileen lagun eta ikaskideei egokitu zitzaien batik bat gaztetxoen bertso lanerako giroa berotzea. Lehian aritu zirenak, aldiz, bi taldetan bereizten ziren, betiko legez. 14 urte artekoak lehenengo, eta 15-18 urte bitartekoak gero. Bertsolariak hamalau ziren orotara, baina horietako lau baino ez dira joango Altsasuko eskolarteko final nagusira. Hamalau urte bitartekoetan, Nerea Ibarzabal izan zen txapeldun, eta Elene Lejarzegi, txapeldunorde. Bigarren taldean ¯nagusien taldea¯, aldiz, txapela Jone Uriak jantzi zuen, eta Miren Amuriza hautatu zuten txapeldunorde.

Bermeon, Markinan eta Ondarroan jokatu zituzten kanporaketak atzoko finalerako bertso- lariak aukeratzeko. 90 bat gazte ibili ziren orotara ahaleginetan.

Bizkaitarrek ez ezik, dena den, atzo arratsean gipuzkoarrek ere bazuten hitzordurik bertsoekin. Izan ere, herrialdeko Eskolarteko 27. Bertsolaritza Txapelketa izan zen Bergarako udal pilotalekuan. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan Andoni Egaña izan zuten, eta epaimahaian, aldiz, hauek: Nagore Soroa, Nahikari Gabilondo eta Mikel Aizpurua.

Saioan, lehiakide handietan (15-18 urte artekoak) Hodei Iruretagoeina Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasle zarauztarra izan zen garaile, bai bat-bateko saioetan bai idatzizkoetan ere. Txapeldunorde, aldiz, Mikel Olaizola elgoibartarra. Biak Altsasura.

Oholtzan, baina, txikiak aritu ziren lehenik, eta bertsoaldi politenak Zumarraga-Urretxu A taldearenak izan ziren (Amaia Iturriotz, Maialen Akizu eta Leire Akizu). Bertso-paperetan, 12-14 urte artekoetan Amaia Iturriotzek irabazi zuen; 11-12 ur- tekoetan Haritz Mujika asteasuarrak; 9-10 urtekoetan, Itsaso Lasa beasaindarrak. Altsasura Amaia Iturriotz eta Imanol Irazustabarrena joango dira.

Bestalde, iragan astean jokatu Ipar Euskal Herriko eskolarteko kanporaketetatik, 9-14 urte artekoetan, hauek lortu zuten Altsasurako pasea: Paxkal Iriart baionarra eta Ortzi Murua hendaia- rra, Eñaut Zaldunbide eta Mikel Cherbero (Nafarroa Beheretik) eta Zuberoako Gillen Negueloua eta Johañe Sarraillet. 14-18 urte artekoan kanporaketa egiteko Xapelgoaren finala baliatuko da. Hortik puntuaketaren arabera Lapurdi eta Nafarroa Beheretik bina ordezkari sailkatuko dira Altsasurako. Iparraldeko Bertsolari Gazteen Xapelgoa ere abian da. 36 haur arituko dira, eta atzoko Bertsulari Ttikirat sailkatuak jokatu hiru kanporaketatik lau talde izan ziren.

AZKEN TXANPAN

Altsasura joan aurretik, hitzordu zenbait gelditzen dira egiteke. Esaterako, 14 urte arteko nafarrek gaur eguerdian dute finala Larraintzarren, nagusiek egina dute-eta. Arabarrek, aldiz, Armentia Ikastolan izango dute gaur lehia, bi taldeek.

Finala

Hitzordu nagusia: Euskal Herriko eskolartekoen finala.

Non: Altsasuko frontoian.

Noiz: Hilaren 23an -Goizez txikien mailako finala jokatuko dute. 13.30ean bazkaria, eta 15.30etik aurrera, aldiz, helduen mailako lehia-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo