GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek denboraldia hasi zuen bezalaxe amaitu du

Lapurtarrek itxura tristea eman zuten, eta aurtengoan Ligarik gabe geratu beharko dute

STADE FRANÇAIS 18

BIARRITZ 6

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Akabo, bukatu da denboraldia Biarritzentzat, eta ez du azkeneko bi urte hauetan lortu duen Ligarik eskuratuko, atzo galdu egin baitzuen finalerdietan, eta datorren larunbatean ez dute Parisera joan beharrik izango.

Gauzak ongi hausnartu behar izango dituzte Biarritz taldean, denboraldia kaskarra izan baita. Bi lehiaketa irabaztera atera dira hasieratik, eta ez dute bat bera ere lortu. Okerragoa da, ordea, izandako itxura, joko aldetik ez baitute eman itxaron zitekeen maila hori.

Atzoko partida denboraldi honetan egin dituzten beste askoren modukoa izan da. Partida berezia zen, finalerdia, eta neurketa bakar batera jokatzen zen. Beraz, galtzeko beldurra ere handia zen, baina amaieran nahiko gaizki aritu ziren, huts asko eginda.

Lehen zatia nahiko itxurosoa izan zen, eta lapurtarrak bi aldiz izan ziren aurretik, 0-3 eta 3-6 aitzinetik izan baitziren Yachvilik lortutako bi zigor-kolpei esker, baina bigarren zatian frantziarrak gehiago izan ziren

Haiek ere ez zuten sekulako partida egin, baina euskaldunek egindako hutsetaz baliatu ziren bi entsegu egin eta garaipena erdietsi ahal izateko. Markagailuan gibeletik zirenean ere, nahi eta ezina izan zuten zuri-gorriek, ez baitzuten asmatzen. Amaieran tristura nabaria zen bai jokalari bai eta joan ziren zaleen artean ere.

 

Marseillan erabakiko dute beste finalerdia

Gaur jokatuko dute bigarren finalerdia, eta atzo bezalaxe Liga profesionalean talderik ez duen hiri handi batean jokatuko dute. Marseillan izango da 17.30etatik aitzinera eta bertan lehiatuko dira Stade Toulosain eta Clermont. Tolosako taldea da gaurko norgehiagokan garaipena eskuratzeko faboritoa.

Bera Berak finalean sartzeko aukera ederra du

Espainiako Kopan Spyro Bera Berak finala jokatzeko aukera paregabea izango du, bihar 12.00etatik aurrera Santboiana hartuko baitu Anoetako estadio txikian. Kanporaketa partida bakar batean erabakiko dute. Santboianak ez du denboraldi ona egin, eta donostiarrak, berriz, sasoiko daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo