GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Aurrera! Sartu eta ikusi!

Aurrera! Sartu eta ikusi! Munduko ikuskizunik handiena hastear da! Sartu Euskal Herriko politikaren karpapeko ikuskizunera! Sartu ikusten Ali Baba eta bere berrogei lagunak barregarri utziko dituzten lapur-talde berriak! Sartu gurekin Sodoma eta Gomorra barregarri utziko dituzten Lizartza eta Elduaineko udaletxeetara! Sartu! Eta ikusi! Ikusi hitzen malabaristak! Besaulkien akrobatak! Negarra sortzen duten pailazoak! Hezitzailea hezten duten animaliak! Hautestontzitik bakearen uso transgenikoa ateratzen duten aztiak! Mahuka azpitik alkateak ateratzen dituzten esku-jokariak! Hastear da politikaren zirkua! Sartu! Baina, faborez, birus-eramaileak kanpo- an geratu, karpapekoen osasuna oso ahula da eta! Eta lasai, datozen asteotan zirko hau Euskal Herriko udaletxe askotatik pasatzeko da eta! birus-eramaile ez zareten guztiok izango duzue karpapera sartu eta bertokoa ikusteko aukera, hori bai, sarreratxo bat pagatuta jakina, bakeak ez baina zirkoak bai, zirkoak badu prezio politiko bat; gainera eskaintza berezian dator zirko hau, sarrera-txartelarekin batera sudur-mozorro bat eta ontzi txiki bat ere eskuratuko dituzue, hura barruko kiratsa saihesteko lagungarri, eta ontzia kiratsa saihestu ezinean barrena botaka husten lagungarri! Hastear da! Alehop!

Barrea eta negarra askotan txanpon bereko aldeak dira. Barregarri suertatuko litzateke egoera politiko hau negargarria ez balitz. Marrazki bizidunen atala dirudi oraingoak, diferentzia bakarra zera da, marrazkietako bizidunak errealagoak direla. Zabortegi baten erdian ere da airea arnasgarriagoa instituzio askotan baino. Baina dagoena dago eta ez dagoena balego!, Asterix eta Obelixen herrixkako udaletxea gogoan! Baina joan den domekak utzitako emaitzak hortxe dira, ikusgai. Eta ulergai. Aurtengo maiatzean perretxikoek itxaron behar izan dute, eta lekua utzi han-hemenka sortu diren birus-eramaileoi. Izurritea izugarri zabaldu da lurraldetik, hainbat besaulkitakoak izutuz. Uu! Kanpoko legeek kanpo utzitako hemengo gizabanakoek arriskua maitatzen duten seinale. Ganoraren seinale, karpapeko ganorabakoen esparruan. Arrisku jatorretik datozelako aukerak. Ama, ama! zenbat jende ez ote den Euskal Herriko historiara pasatuko euskaldun askoren setatasunagatik! Eta zenbat herri! Almendralejo, kasuko. Ongi etorri kutsatuen osasunera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo