GARA > Idatzia > Hemeroteka

Iñaki Uria Euskal Herria.

Egunkaria auzia, Guantanamo judizialaren biktimak

(...) Auzitegi Nazionaleko Aurreneko Zigor Ataleko epaileek, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteei, herri akusazioei, jaramon egin diete eta bi orriko auto baten bidez gure aurkako ahozko epaiketa egitea erabaki dute, fiskalaren eta defentsaren eskaera eta argudioei ez kasu eta ez aipamen egin, eta inolako arrazoirik aurkeztu gabe. (...)

(...) Ez da nahikoa desmasia XXI. mendean libertateen Europan egunkari bat «prebentiboki» ixtea. Ez da nahikoa desmasia bost egun eta bost gauez torturatua izatea; poltsarekin itotze saioa egitea; pistola buruan jarri eta klik eragitea; kolpeak eta ariketa fisiko amaigabeak ezartzea... Ez da nahikoa urte t'erdiz gartzelan gatibu izatea. Fiskaltzak sobreseimendua eskatu arren epaile hauek epaiketa -eta zigorra- nahi dute biktimen bi elkartek hala eskatu dutelako.

Zein dira ordea AVT eta Dignidad y Justicia Egunkaria kasuan? Zer kalte egin dio Egunkariak inori? Zein AVT eta Dignidad y Justiciari? Zein biktima sortu du Egunkariak?

Asko hitz egiten da biktimen instrumentalizazioaz. Zenbait biktima elkarteren instrumentalizazio politikoaz. Guk geuk ere, zoritxarrez, lehen eskutik bizi dugu instrumentalizazio hori. Biktimen erakunde jakin hauek tresna bihurtu dira akusazioari eusteko, nahiz eta ez izan kaltetuak edo afektatuak. Gogoratu dezadan, bidenabar, Egunkariaren kasuan ez dagoela akusazio partikularrik. (...)

Hala ere epaileek ontzat ematen dute egoera hau, eta nahikoa dute Egunkaria kasuarekin zer ikusirik ez duten bi elkarte hauen eskaera auzi saioa ahalbideratzeko. Galdetu ote diote inoiz euren buruei zenbat irakurle, erosle, akziodun, iragarle, kazetari eta langile bihurtu dituzten biktima Egunkaria itxita?

(...) Atxilotu nindutenetik bertatik askori entzun diot esaten «Utzi justiziari bidea egiten». (...)

Baita alderdi sozialistako kide esanguratsuei ere: «Auzitegi Nazionalik ez litzateke existitu beharko, baina ETA hor dagoen bitartean...». Hau da, ez gara Justiziaz hitz egiten ari, etsaiaren eskubideaz baizik. (...)

Aldaketa

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo