GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Leire Etxaniz Manterola Azpeitiko Emakume Taldearen izenean

Adin txikiko neska batek jasandako erasoaren gaineko irakurketa

Insituzio, komunikabide, hezkuntza sistema eta beste hainbatek dute eredu matxista hain errotuta egotearen erantzunkizuna. Jendarte eredu matxista honetan, adin nagusiko askok jarrera sexistak erakusten dituzte egunero munduko inpunitate guztiarekin

Azpeitiko Emakume Taldeak, idatzi honen bidez, herrian adin txikiko neska batek jasandako erasoaren inguruko irakurketa kaleratu nahi du, argi eta garbi.

Lehenik eta behin, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu biktima nagusia izandako neskari.

Bigarrenik, gertaeraren erantzule nagusia emakume eta gizonen arteko botere harremanetan oinarritutako jendarte eredu matxista dela ozenki adierazi nahi dugu. Gazteek, helduetan ikusten dituzten botere harremanak birproduzitzen dituzte. Jendartean, modu sutil baino eraginkorrean, «emakumea=objetu sexuala» ideia barnean duten mezu ugari igortzen dira (inguratzen gaituen publizitate sexista guztiari begiratu besterik ez dago). Insituzio, komunikabide, hezkuntza sistema eta beste hainbatek dute eredu matxista hain errotuta egotearen erantzukizuna. Jendarte eredu matxista honetan, adin nagusiko askok jarrera sexistak erakusten dituzte egunero munduko inpunitate guztiarekin: emakumea objetu sexual batekin parekatzen duten komentario matxistak, jaietan trago batzuen aitzakian egindako erasoak, topikoetan oinarritutako emakumeen kontrako mespretxuak... Eta guztia ingurukoen onarpen eta inpunitate osoarekin. Horrelako jarrerek zer eredu ematen dutela uste dute??? Zer mezu jasotzen dute beraien inguruko gazteek???

Gure aurreko komunikatuan bazterketa sozialaz hitz egiten genuenean, gure taberna eta kuadriletatik kanpo nahi genituela adierazten genuenean, adinez jada nagusiak diren erasotzaile horitaez ari ginen. Argi eta garbi utzi nahi dugu hori. Egunero inpunitate guztiarekin jendarte eredu matxista sustengatzen duten jarrerak dituzten adin nagusiko pertsonez ari ginen, ez adin txikiko hiru gazteen inguruan. Hiru gazte horiekin beharrezko neurriak hartu behar dira, eta ostean, bergizarteratzeko aukera izan behar dute.

Gertaera honek sortutako haserreak eta noraezak, ikastetxeetan eta orokorrean gizartean eraso sexisten inguruko lanketa sakonak egiteko beharra agerian utzi du. Udalean lanketa horiek bideratzeko aditua den emakume teknikari baten beharra nabarmena da. Udalak dagokion erantzunkizuna hartu behar du. Hitzetatik ekintzetara pasa eta lanketa horiek egiteko beharrezko bitartekoak jartzea exijitzen diogu Udalari horrelakorik gehiago gerta ez dadin!!!

Intentsitate handiago edo txikiagoko erasoak egunero ematen dira helduen artean, baita adin txikikoen artean ere. Eraso guzti horiek salatu nahi ditugu. Isiltasunean pasatzen diren eraso guzti horiek egotea posible egiten duen jendarte eredu matxistarekin amaitu beharra aldarrikatu nahi dugu! Bestalde jendeari hurrengoa exijitu nahi diogu: hipokritak izateari uzteko eta beraien eta ingurukoen jarrera sexistak zuzentzeko ardura hartzeko!

Gure aurreko komunikatuak sortutako gaizki-ulertuarekin apurtzeko, momentu honetan, Azpeitiko Emakume Taldeak mobilizazio publiko bat EZ EGITEA erabaki du. Eta bide eraginkorrei ateak irekitzeko udalari eta instituzioei neurriak hartzeko exijitzen diogu!

Bukatzeko eta beste behin ere, erasoa jasan duen neskari eta egunero jasaten dituztenei gure elkartasun osoa eta babesik handiena adierazi nahi diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo