GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Baik Baionan eginen du gaur mitin-besta nagusia

EH Bai koalizioak gaur izanen du hauteskunde kanpainako egun handia, gaur egingo baitu, Baionan, mitin besta nagusia. Euskaltzale eta abertzale guztiak bertara daitezen gomitatu ditu.

 

GARA | BAIONA

AB, Batasuna eta EA alderdiek osatutako Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioak gaur eginen du hateskunde kanpainako mitin-besta nagusia. Baionako Galin eremuan kokatu- tako Elkarteen Etxea izanen dute agertoki nagusia, eta eguerdiko 12.00etatik hasita ekingo diote egunari. Aperitifarekin hasi eta 13.00etan bazkaria eginen dute. 16.00etan, aldiz, hautekunde mitina gauzatuko dute. Bukatzeko, erromeria izanen da.

Mitinaren karietara, Euskal Herriaren geroaz axolatuak diren euskaltzale eta abertzale guztiak gomitatu nahi izan ditu EH Bai koalizioak, eta «eskuiniko jaunttoen» kontra mobilizatzera deitu du.

Pasa den astean, Estatu frantseseko Barne ministro berria den Michele Alliot-Mariek egindako adierazpenekin, Sarkozyren Gobernuak Euskal Herriarekiko segituko duen politikaren ardatzak «argi» erakutsi zituela deritzo koalizioak. Haren aburuz, euskararekiko mespretxuan eta haren egoeraren inguruko ez- axolan, Ipar Euskal Herriko edozein motatako ezagupen instituzionalaren ukapenean eta errepresio polizialean eta judizialean oinarritutako politika izanen da.

Lucbereilh eta Benat Incahuspek euskal departamenduaren kontsultaren alde berriki egindako adierazpenak «demagogiatzat» jo zituen koalizioak eta «oportunismoz eta anbizioz» jokatzen duten horietaz ez fidatzeko deia egin zien herritarrei. Era berean, «euren jarrera pertsonalak edozein izan ere, UMPko etiketa bereganatuz, Michele Alliot-Marieren gibeletik Gobernu berriak Euskal Herriaren kontra eramanen duen politika sustengatuko» dutela deritzo EH Baik.

Okupazio sinbolikoa

Bestetik, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen espekulazio inmobiliarioa salatzeko helburuarekin, EH Bai koalizioko 20 lagun inguruk okupazio sinbolikoa egin zuten atzo goizean Donibane Lohizuneko hirigunean.

Hortaz haratago, etxebizitzaren aldeko urjentziazko plangintza aldarrikatu eta horren baitan, etxe hutsen bereganatzea, bigarren egoitzekiko egiazko gain-tasa sortzea edota hartze eskubidearen ahalbidetzea bezalako neurriak plazaratu zituzten Euskal Herria Bai koalizioko seigarren hautes barrutiko hau- tagai Beñat Elizondok eta Eliane Etcheverriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo