Honbu Oiartzungo japoniar zentro kulturala, sendi handi bat
Oiartzunen bada elkarte bat Japoniako hainbat arte biltzen duena. Taiko danborra du apal batean, azukrezko apaingarri bat bertzean, bonsaiak, sableak, garaikurrak, opariak... Hormetan, manga marrazkiak ditu, shodo kaligrafiaz idatzitako letra ederrak eta argazki ugari.
Maider IANTZI
Honbu elkartean ikusi genituen irudi zaharrenetakoak 80ko hamarkada hasierakoak dira, Haurtzaro ikastolan kenpo kai klaseak ematen hasi zirenekoak, aldagelarik eta berogailurik gabe. Juan Mari Shihan Vidal irakasleak oroitarazi zigunez, Donostiatik Oiartzunera kirol hori erakustera joan zenean, aitzurra eskuetan hurbildu zitzaizkion baserritar sendoak, «ea nola defendatzen duzun zure burua!» erranez eta erronka joz. Teknika eta arma baliagarriak zituela frogatu zuten eta eurek ere izena eman zuten ikastaroan.
Shihan Vidal Japoniar Zentro Kulturaleko zuzendaria da orain, eta kenpo kai egitea Oiartzungo ohitura bihurtu dela baieztatu zigun, ia hiru belaunaldi maitemindu baititu. Oreka bilatzen duen arte martziala da kenpo kai eta bost elementu ditu oinarri: egurra, lurra, sua, haizea eta ura. Suntsitzaile eta eraikitzaile dira hauek. Erraterako, lurrak ura bideratu eta bizia sortzen du, suak egurra erretzen du, urak sua itzali... Egoitzan ginelarik euskal selekzioko bi lagun joan ziren entrenatzera, Zuhaitz Astarloza eta Xabi de Cruz. Dutxatu, arropa zuria eta gerriko beltza paratu eta pixka bat berotu ondotik, tigrearen eta arranoaren arteko borroka irudikatzen hasi ziren koltxoneta gainean.
Abuztuan, elkarteko 75 lagunek Japoniara bidaiatuko dute. Horietako 22 kirolarik Munduko Kenpo Kai Txapelketan parte hartuko dute, eta, «ahal bada, irabazi». Bigarren aldiz erakutsiko ditu euskal selekzioak dohainak lehiaketa horretan -2004an txapeldunorde izan zen taldeetan-, eta, Shihan Vidalek azaldu zigunez, aurten babes handia- goarekin eta material hobearekin joanen dira. Horman dute ekitaldia iragartzen duen afixa bat eta ikurrina ageri da bertze hainbat banderarekin batera.
Baina kenpo kai teknikez gain, bertze hamaika arte ikas dezake Honbu elkartera joaten denak: nihongo hizkuntza; tai ki ken kirola; bonsai, landareak hazteko jakintza; chanoyu edo tearen zeremonia; apaingarriak egiteko zein meditatzeko erabiltzen den ikebana jakintza; shiatsu masajeak; agurtzeko ohiturak; eta sukaldaritza, bertze anitzen artean. Kultura japoniarreko alderdi ugari lantzen dute, baita Ekialdeko ohitura eta jakintzei buruz ikasi ere, eta Brasilgo capoeirak arrakasta du elkartean. Afrikako Angolan sortu zen capoeira. Esklabotzan, Brasilera lekualdatutako afrikarrek arte martzialari dantza itxura eman behar izan zioten.
Shihan Vidalek kontatu zigunez, orain dela hiru urte Oiartzungo Udalak lokal bat utzi zien Ekialdea eta Mendebaldea lotzeko, Japoniako eta Euskal Herriko kulturak harremanetan jartzeko. Adin guztietako 200 parte-hartzaile dira, eta, noizean behin egiten dituzten ikastaroetako lagunak ere zenbatzen baditugu, urtean 2.000 pertsona pasatzen dira egoitzatik. Nepal, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Suitza, Polonia, Australia... Munduko hainbat txokotako bisitariak izaten dituzte, Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko jendearekin batera. Jakina, japoniarrak ere izaten dira eta euskaldunen etxeetan egiten dute lo. Bertze batzuetan, euskaldunak dira beren etxeetara joaten direnak, garrantzitsuena, Shihan Vidalen hitzetan, elkartrukea baita, batek bertzeari erakustea.
«Adibidez, defendatzeko erabilgarriak izateaz gain, arte martzialek garatzen lagundu eta oreka ematen dute, onak dira norbere burua kontrolatzeko eta gauzak gero eta hobeki egiten saiatzeko. Arku-tiroan diana erdian jotzea gutxienekoa da. Arnasa hartzeko teknikak ikasten dira eta une batean bakean egotea lortzen da. Ez dira borrokatzeko arteak, bizitzeko arteak dira», azaldu zuen.
Xehetasunak baloratzea, edertasuna, koloreak, teknologia modernoena eta ohitura zaharrenak batzea... Japoniarren dohain anitz aipatu zizkigun kenpo kai adituak. «Idaztean, arreta horretan bakarrik jartzen saiatzen dira, pultsu onarekin marrazten, espiritua garatzen. Hori da Mendebaldean gehien galdu dugun alderdia». Feng Shui, ingurunearekin gustura egoteko jakintza, eta barreneko garapenari begiratzen dioten tai ki ken eta taichi arteak ere paratu zituen adibide moduan. «Ahantziak ditugun jakintza horiek erakusten dizkigute, eta guk gure gauza onen berri ematen diegu. Honbura etortzen direnean, inguruko guztiaz gozatzen dute, paisaiaz, janariaz, elkarteetako giroaz... Jende ugari ari da gure bidez Euskal Herria ezagutzen eta hori turismoan ere nabari da».
Honbu garatzen ari direnak boluntarioak dira, tarte bat dutenean elkartera jotzen duten lagunak. Horietako bat da Mila Leza, 42 urteko emakumea. Alaba ikastetxera eraman eta gurekin egon zen solasean Oiartzungo kafetegi batean. Bere azalpenak aditu eta inbidia sentitu genuen, ikastaroren batean izena emateko gogoa. Bi urte dira kenpo kai egiten hasi zela eta dagoeneko ez du irudikatzen nolakoa izanen litzatekeen bere bizitza kirol hori gabe. Lotsa gainditzen erakutsi dio, nekea uxatu eta indarberritzen... eta berekin batera teknika horiek ikasten ari direnak ere aldatzen ari direla nabaritzen du.
Honbu kirola baino anitzez gehiago da, ordea, Mila Lezarentzat. Gurpil bat bezalakoa da. Txoko ugaritako lagunak joaten dira elkartera, bidenabar Oiartzun eta Euskal Herria ezagutzen dute, hurrengoan beren etxera gonbidatzen dituzte euskaldunak... kulturen arteko loturak sendotzen joaki dira.