ACB Liga
Kanporaketa bideratzeko aukera bikaina du Tauk etxean
Ostiralean lehenengo erdian eginiko jokoa berriz ere egitea bilatuko dute gasteiztarrek, nahiz eta gaurko partida «askoz gogorragoa» izango dela onartu
GARA | GASTEIZ
ACB Ligako finala hirugarren urtez jarraian jokatzea helburu duela, gaur eguerdian izango du Tau Baskoniak Winterthur FC Barcelonaren aurka bigarren garaipena lortzeko abagadunea. Bozidar Maljkovicek zuzenduriko gizonek garaipen hori erdiestea lortuko balute, finalerdietako kanporaketa oso bideratuta utziko lukete, ia ezinezkoa baita 2-0ko markagailuari buelta ematea. Halakorik ACB ligaren historian behin bakarrik gertatu da oraino.
Zurbanoko pabilioian jokatuko den partida honetako gakoetako zenbait erregulartasunean eta defentsan egonen dira. Alde batetik, jokalari gasteiztarrek ostiraleko neurketan egin zuten lehenengo zati bikaina errepikatu nahiko dute. Hogei minutuan 51 puntu egin zituzten arabarrek, erasoko joko aparta erakutsiz, Prigioniren gidaritza eta Erdoganen jaurtiketen bidez, batez ere.
Hala ere, erasoko jokoa itzaltzen denerako defentsa zorrotza bermatzea bilatuko dute talde biek. Izan ere, Bartzelonakoak asko hurbildu ziren hirugarren eta laurgarren laurdenetan, Navarro, Basile eta Lakovicen kanpoko jaurtiketei esker.
Era honetan, jokalari zein entrenatzaileen iritziz, gaur eguerdiko neurketa ostiralekoa baino «askoz gogorragoa» izango da.
Horren harira, adierazgarriak dira Dusko Ivanovic Bartzelonako entrenatzaileak ostiralean, partidaren ondorengo prentsaurrekoan, egindako adierazpenak. Berton, «defentsa hobetu beharra» azpimarratu zuen Montenegrokoak, erasoko lan on edo txarraren gainetik.
«Ongi defendituz gero Tauren aurka borroka egin dezakegu. Gaizki defendituta, berriz, nekez izango gara leihakorrak, nahiz eta erasoan bikain ibili», adierazi zuen.
Errebotearen kontrola
Kontuan hartu beharreko beste aspektu bat errebotearena izango da, azken orduan oso garrantzitsua izan baitzen ostiralean.
Ostiraleko partidan arabarrak nagusi izan ziren aspektu horretan, batik bat erasoko erreboteak harrapatzeko orduan: 17 eskuratu zituzten orotara.
Argitu beharrekoa da bai kataluniarrak nola euskaldunak ez direla aurtengo sasoian oso iaio aritu errebotea zaintzerakoan. Dena den, Splitter, Scola eta Lou Roek lan ona egin zuten uztaipean lehen partidan, batez ere azken minutuetan. FC Barcelonaren kontraerasoak saihesteko oso lagungarri izan zen lan hori markagailua 77-72an katiatuta zegoela.
Aldiz, Bartzelonakoen barruko jokoak ez zuen behar bezalako lanik egin. Marconatoren esperientzia bakarrik izan zen gasteiztarren neurriko etsaia. Gainontzekoek ez zuten lan onegirik egin. Vazquez ongi hasi zen, baina bigarren zatian ez zuen asko jokatu, Triasek asko sofritu zuen bera baino arerio indartsuagoen aurrean eta Kasunek, azkenik, denbora oso luzean lesionatuta geldirik egon izana nozitu zuen.
Real Madrid y DKV Joventut vuelven a verse las caras en el segundo asalto de la otra semifinal de la liga, a partir de las 19.00.
El conjunto catalán, con las duda hasta última hora de Laviña y Gaines, tratará de recomponerse del golpe que supuso perder un partido que tuvo de cara hasta el final.
Por su parte, los blancos buscarán apuntalar la eliminatoria con otro triunfo.
GARA