GARA > Idatzia > Txirrindularitza

GIRO 20. etapa

Astana taldeak azken unean salbatu du ohorea

Paolo Savoldellik erlojupekoa irabazi zuen eta Eddy Mazzoleni podiumean egongo da gaur

GARA | VERONA

Danilo Di Luca eta Astana taldea izan genituen Giroko azkenaurreko etaparen protagonista nagusiak. Italiarrak azken hiru aste hauetan hain ondo landutako garaipena ziurtatu zuen, eta Astanak etapa bat eskuratzea eta podiuma zapaltzea.

Erlojupekoa Sardiniatik faboritoen artean irten eta gero rol hori bete ezin izan duen Paolo Savoldellik irabazi zuen. Italiarrak abantaila galanta izan zuen atzo espezialisten aurrean. Izan ere, David Zabriskie bezelako faboritoek euriari aurre egin behar izan zioten -hirugarren postuan amaitu zuen amerikarrak-. Falcoak, berriz, egoera egokiagoa aurkitu zuen eta horrek abantaila galantarekin helmugaratzeko aukera eskaini zion.

Mazzoleni eta Zabriskie izan ziren beraien desabantaila segundutan kontatu zuten bakarrak. Gainera, Lavaredoko bidean egindako lan ikusgarriari esker, Simonik zeukan hirugarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean atzoko irabazlearen taldekide Mazzolenik.

Horixe izan zen azken erlojupekoaren ondorio garrantzitsu bakarra, Danilo Di Lucak ez baitzuen arazorik izan magglia arrosa mantentzeko. Liquigaseko txirrindulariak lasaitasunez ekin zion egunari, aurretik zeukan aldeari esker, eta aurreko jaurdunaldi zailenetan egin duen bezela, buruz jokatu zuen, denbora eta indarrak dosifikatuz. Andy Schleckek, lasterketako ustekabe nagusiak, minutu erdia jan zion liderrari, baina bigarren postua ziurtatzeko balio izan zion bakarrik.

Poz-pozik zeuden biak erlojupekoa amaitzerakoan. Gaur ohore guztiak jasoko dituen Di Lucak argi utzi zuen bere poztasuna. «Nere bizitzako egunik zoriontsuena da, hauxe baita munduko lasterketarik ederrena. Egia da Tourra garrantzitsuagoa dela, eta beharbada, egun baten hortaz pentsatu beharko dut, baina Giroak beste xarma bat dauka».

Euskaldun txirrindulariei dagokienez, Markel Irizarrek egin zuen denborarik onena. Hori bai, Patxi Vila aurretik izango du Giroaren amaieran sailkapen orokorrean. Hain zuzen ere, 15. postuan, atzo lau minutu eta erdi galdu arren, postu bat aurreratu baitzuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo