GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Gutxi hitz egin baina asko jokatu

Aimar Olaizolak bere laugarren finala jokatzeko txartela eskuratu du, asko sufrituta, azken txanpa bikain bati esker

OLAIZOLA II 22

GONZALEZ 15

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aimar Olaizolak jokatuko du Buruz Buruko Txapelketaren final nagusia Donostiako Atano III.a pilotalekuan Abel Barriolaren kontra. Goizuetarrak 22 eta 15 menderatu zuen Sebastien Gonzalez gora-behera askoko finalaurrekoan eta Buruz Burukoan bere laugarren finala jokatzeko txartela lortu zuen. Enpresek oraindik ez dute erabaki finala ekainaren 10ean edo 17an jokatuko den, baina badirudi Olaizola II.ak 15 egun izango dituela final handia prestatzeko.

Aimarrek bere aurkariaren irainak erabat ahaztu eta norgehiagoka bikain prestatuta zuela erakutsi zuen. Sake guztiak txokotik atera zituen -6 tanto egin zituen lehen jokaldiarekin- eta piloteoan ere eskuina bilatu zion Gonzalezi behin eta berriro.

Hain zuzen ere, sakez segidan egindako lau tantori esker ireki zituen Goizuetako aurrelariak lehen zuloak markagailuan (13-6). Ordura arte, partida gogorra eta parekatua izan zen eta ongi amaitutako tantoak -dejadaz, bien armarik onena atzo, launa tanto egin zituzten- kale galantekin nahasi zituzten atzoko bi protagonistek.

Aldageletara eta gorakada

Markagailuan aldeak handitzen ari zirela ikusita (15-7), Gonzalez aldageletara sartu zen ezker eskuari helduta. Eta, egia esan, geldialdi hori bikain etorri zitzaion azkaindarrari urduritasunak ahaztu eta berriz partidan sartzeko. Aimarren huts batek pilota aldatzeko aukera eman zion Gonzalezi eta hortxe hasi zen lapurtarraren gorakada.

Ezkerrerarekin sekulako joa erakutsiz eta tantoa bikain amaituz, Aspeko aurrelariak neurketa berdintzea lortu zuen (15-15). Tarte horretan, Gonzalezen hamargarren tantoa nabarmendu behar da, 31 pilotakadaren ostean eta bi pilotariak zeharo nekatuta zeudela, orma-biko eder batekin amaitu baitzuen tanto gogor hori. Aimarrek galdutako bi pilotek eta Gonzalezek sakez egindako tanto bakarrak, norgehiagoka guztiz irekita utzi zuten.

Baina, beste behin, Gonzalezek une erabakigarrenean kale egin zuen. Hamabosnako berdinketarekin alferrikako bi paretak egiten saiatu zen pilota atzeratzeko sekulako aukera zuenean eta Olaizolak bikain baliatu zuen bere aurkariaren oparia. Jokaldi alu horrekin, azkaindarrak bertan behera bota zuen aurretik egindako lan guztia.

Olaizolak sakea berreskuratzearekin batera, bere aurpegirik onena erakutsi zien Labriteko zaletuei eta zuzen-zuzenean 22ra alde egin zuen pilotakada bikainen eta dejada ikusgarrien erritmoan. Goizuetakoa finalean da berriz, hirugarren urtez jarraian Gonzalezi finalerdietan irabazi eta gero.

Urberuaga, bigarren mailako txapeldun

Xabier Urberuagak ongi merezita irabazi zuen Bigarren Mailako Buruz Buruko txapela ostiral arratsean Zornotzan jokatutako finalean. Aulestiarrak freskotasun ikaragarria erakutsi zuen piloteoan eta, sakearekin gehiegi asmatu ez arren, 22 eta 16 hartu zuen mendean Xabier Galartza aspaldiko laguna. Finala oso parekatua izan zen hasiera-hasieratik, gogorra. Lehen erdian izandako bi berdinketak dira horren erakusle (4-4 eta 7-7). Aurreko egunetan aipatu zuen moduan, Urberuagak bazekien gogortasun horrek bere alde jokatzen zuela eta halaxe gertatu zen. Bost tanto jarraian eginda, Aulestiko atzelariak 12-7 hartu zuen aurrea eta finala erabakitzen hasi zen. Hala ere, ezustean bi sake luzeegi aterata, Galartza VI.ari beste aukera bat eman zion. Lemoarra lehian sartu zen. Markagailuan hurbildu bai (13-11, 15-12 eta 16-13), baina aurretik jartzea ez zuen lortu ordea, eta bigarren mailako bere hirugarren finala ezin izan zuen irabazi Urberuagaren mesedetan. Partidak 306 pilotakada eta 77 minutuko iraupena izan zituen. Sakez lau tanto bakarrik egin zituzten, bat Galartza VI.ak eta hiru Urberuagak.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo