GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gure emaitzak azkartzeko, ez da gutti!

Bozkatzera joanen gara. Aldi honetan gure proiektuak de- fendituko dituzten hautagaiak ditugu aukeran. EAJk Euskal Herriaz axolatzen ez den hautagaiari emanen dio boza. Euskal Herria Baiek idekitzen duen indar metaketak herri honen antolaketarako aurkezten duen proiektua ez da EAJren norabidean. EAJk gure geroa hobeki ikusten du Bayrouren eskuetan!

Berdin du, Euskal Herria Baieko hautagaiek kanpaina kementsua daramate, auzapez askorengana hurbildu dira, ainitzek errezibitu dituzte, elkarrizketak ez dira beti errexak izan, baina ate horiek bederen pasatu dituzte eta abertzaleen ikusmoldea eman dute.

Hautetsi asko arazo larrien aintzinean aurkitzen dira, izan dadin etxe bizitza, izan dadin lana, biztanle askori erantzunik eman ezinean aurkitzen dira, orain arteko politikek ez baitiete bertako arazoei proposamen egokirik eskaini. Eremu zaindu eta neurtua da Ipar Euskal Herria, pisuzko hautetsi batek bere interesak bertan defenditzen dituelako. Eta hemengo prentsak hori babesten du, telebistak bi berri izaten ditu: lehenik, ministroaren bisita, eta ondoren, hautagaiaren argumentazioa. Mezuaren indarra bikoizturik gelditzen da. Bestalde, debaterik ez dago irrati publikoan hautagai guztien artean: ez zaie interesatzen. Izan ere, hautagai nagusien artekoarekin nahikoa dute.

Abertzaleek arazo asko leporatzen ahal baitizkiote Alliot-Marieri. Bera Parisen geldituko delarik, imobilismoa imposatuko du gure eskualdean. Auzapezak ohartzen dira horretaz, baina erabat kontrolpean gelditzen dira Herri Elkargoetan. Parisko politikaren kritikarik ez da auzapezen hitzetan entzuten.

Kanpaina honetan, Euskal Herria Bai koalizioak, eskura dituen medio guziak baliatzen ditu mezuaren pasatzeko. Alta, ez da errexa izaten: afitxak itsatsi bezain laster kenduak izaten dira ez badira taula ofizialetan izaten, banderolak, berehala kentzen dituzte, ormirudiak zuhaitzen gainetan lotuak izan baldin badira hautagaia deitzen dute, kasu egin behar dela errateko. Hautagaien arteko ahalen desoreka handia da, batek ikus-entzunezko prentsa gehiena alde dituelatik, besteei karrikako propaganda trabatzen zaie. Haatik, pozgarria da ikustea gazte andana lan horietan aritzen, protesta ekitaldietan parte hartzen eta horiek antolatzen, hautagaiak sostengatzen, itzaleko lanetan... Hautetsi ohi batek, adinean sartua, esaten zidan, ez ginela debaldetan aritu. Dudarik gabe, kanpaina honek, zailtasun guzien gainetaik, abertzaleen arteko lanari abiapuntu berria eskaini dio, praktika bat, alderdi guzien gainetik. Ez da errana kanpaina biharramunak oso errexak izanen direnik, etxe bi- zitzaren inguruko arazoen salatzeko azken ekintzek eztabaida sortuko dute, eta seguraski, ezintasun batzuen aurrean aurkituko gara, berriz ere. Alta, euskal politika baten garapena ez al da sortu berri diren lotura horietatik heldu behar?

Ez dugu diputatu abertzalerik Parisera igorriko, bai emaitzak indartuko, abertzaleta- suna pixkanaka bere tokia egiten ari baita. Ez da gutti!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo