GARA > Idatzia > Ekonomia

«Lau urte barru Eroskik ez du batere gaurko antzik izango»

AGUSTIN MARKAIDE, Eroskiko zuzendaria

Agustin Markaidek Eroskiko zuzendariak lau urte barru Eroskiko eredua erabat aldatuko dela iragarri du. Alde batetik, Gespa desagertuko da eta langile guztiek kooperatibakideak izateko aukera izango dute. Bestetik, lantoki bakoitzeko antolakuntzan autogestioa bultzatzeko proiektua lantzen ari da.

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA |

Inoiz izan dituen irabazirik handienak izan zituen Eroski taldek iaz. Agustin Markaide kooperatibako zuzendaria 2005-2008 plan estrategikoan zeuden helburuak gaindituko direlakoan dago. Gaur egun Eroskik 1.226 saltoki ditu Estatu espainolean, beste 37 Estatu frantsesean eta beste 572 denda frankizia moduan ireki ditu. Helburu horiek lortu eta Eroski taldeak antolakuntza goitik behera aldatzeari ekin dio eta langileak parte hartzeko bideak zalbaduko ditu taldeak.

Emaitza onak lortu zituen Eroskik iaz.

Oso onak izan dira. Inoiz baino hobeak. %33 gehiago izan dugu irabazietan eta fronte askotan lortu dugu. Prezioa jaitsi egin dugu edo, lehiakideekin konporatuta, gutxiago igo dugu. Ho- rrek esan nahi du marjinak gutxitu egin ditugula, baina gastuak ere bai. Eta irabazi inmobiliarioak ere hobeak izan dira aurten. Esparru garrantzitsuenetan pauso ederrak eman ditugu. Salmentetan akaso igoera ez da hain nabarmena izan. Helburuen inguruan izan da, baina helburuak ez ziren oso handiak. %7 igo gara, merkatua igo den %5a baino pixka bat gehiago.

Aurten martxa horri eutsiko diozuela uste duzu?

Ondo hasi da urtea. Ez ditugu apurtuko iazko markak baina urte ona izango da, bai salmentetan baita irabazietan ere.

Aurreikuspen zehatzik?

Urteko ekitaldiaren lehenengo hilabeteak oso ahulak dira. Oraingoz mantendu egiten ditugu urteko helburuak: berriro %7-%8 hori haztea salmentetan eta irabazietan mantendu.

Beraz, plan estrategikoa betetzeko bide onean dago Eroski.

Aurretik goaz. Uste genuen baino gehiago irabazten ari gara. Salmentetan azpitik goaz, zabaltzen ari garen baino denda gehiago zabaldu nahi genuelako. Dendak kontuan hartuta, gure salmentak ondo doaz. Baina duela hamar urte espero genuen baino denda gutxiago zabaltzen ari gara. Zailago izaten ari da. Iaz eta aurten arazo hori zuzentzeko ahalbideak jartzen ari gara. Aurten ez, baina datorren urtean nabarituko da alde hori, batik bat supermerkatuetan. Proeiktu gehiago onartzen ari gara supermerkatu gehiago zabaltzeko.

Zenbat langile duzue gaur egun Eroski taldean eta horietatik zenbat dira kooperatibakideak?

32.652 langile joan den urteko bukaeran. %40 kideak dira. Kooperatiba barruan 8.100 daude. Guztira, 13.258 bazkideak dira baina denak ez kooperatibakoak, gainerakoak beste figura batekoak baizik: Gespakoak. Ez da kooperatiba bat, Eroski kooperatiba dituen estatutu berak dituen elkartea da. Bere eginkizun bakarra parte-hartzea bideratzea da. Gespan nahi duten langileek parte hartzen dute, aportazio bat egiten dute, kooperatibistek bezala, eta aukeratu egiten dute kontseilu soziala, konseilu errektorea eta gestionatu egiten dituzte hipermerkatuak edo supermerkatuak edo Forum dendak, kooperatiberanak izango balira bezala.

Zein da ezberdintasuna?

Gespa elkarteak daukan gauza bakarra da akzioa. Ez da denden jabea. Patrimonio bakarra da soziedadearen partizipazio bat. Bazkide baten bizitzan ez dauka alderik. Bere bizitza bazkide izango balitz bezalakoa da. Juridikoki ez da berdina, elkarte anonimo bateko langilea delako baina ez da elkarte anonimoaren bazkidea, Gesparen bazkidea da eta Gespa da elkarte anonimo horren bazkidea.

Askotan aipatu da hori eredu bat izan daitekeela MCCk atzerrian dituen enpresetako langileek parte hartzea bideratzeko.

Gu oso gustura egon gara formula horrekin, eman dizkigulako aukerak bazkideak bihurtzeko hemendik kanpo dagoen jende asko, finantza-muga kontuan hartu gabe. Hipermerkatu batek diru asko behar du eta han dauden pertsonek ezin dute finantziatu. Langileek jartzen dute kopuru bat bazkide izateko, baina hori ez da kapital bakarra, Eroski kooperatibak jartzen du beste guztia. Hori orain arte nahikoa izan zaigu baina orain aldatzeko gogoa dugu.

Nola aldatuko duzue?

Badaramagu zortzi bat hilabete kooperatibizazio proiektuarekin, benetako koooperatibak sortzeko. Jarriko genituzke supermerkatuak supermerkatuen kooperatiba baten barruan eta hipermerkatuak hipermerkatuen kooperatiba baten barruan. Eroski alde batetik izango da eta beste kooperatiba batzuk, bestetik. Langileak ez dira izango Gesparen kideak baizik eta koooperatiba baten kideak. Eta kooperatiba hori bai izango dela denden jabea edo esplotazioaren jabea, Eroski bezala.

Noizko egingo duzue aldaketa hori?

Hartuko dugu behar dugun denbora, ez dugu presarik, baina seguru asko urtebete eta erdi gutxienez.

Aldaketa handia izango da langileentzat?

Oso handia, ez bakarrik langileentzat, zuzendarientzat ere bai, ez da gauza bera kooperatiba edo elkarte anononimoa zuzentzea, hori ikasi behar da.

Boluntarioa izango da kooperatibakide bihurtzea?

Bai, eta jendeak ez badu baietz esaten, beste momentu batean saiatu beharko dugu. Horrek esan nahiko du oraindik ez daudela baldintza nahikoak proiektu hori aurrera eramateko. Baina orain arte oso ondo hartu dute, eta gauzak ez baditugu gaizki egiten, ondo amaituko da proiektu hori.

Gespa desagertuko da. Txikia geratu da formula edo jadanik ez du ondo funtzionatzen?

Oso ondo funtzionatu du. Bere mementuan ezinbestekoa zen. Kooperatiba bezala bakarrik Euskal Herrian geunden. Ez genekien eredu bera mantendu zitekeen edo ez eta entsaio bat izan zen Gesparena ere. Bestaldetik, duela hamar urte Eroski ez zen Gesparen bazkide bakarra. Kutxak, bankuak eta ONCE ere baziren. Gaur desagertu egin dira, Eroskik bakarrik dauka elkarte guzti horien kapitala eta horrek ematen digu aukera pauso hori emateko. Berriro egongo bagina egoera hartan, berriro egin beharko genuke Gespa. Oso egokia izan da.

Atzerriko enpresa industrialetan balio ahal du eredu horrek kooperatibak sortzeko?

Ezagutu barik zer gertatzen den beste herri batzutetan zaila da esatea hori. Guri oso ondo etorri zaigu. Egongo banintz kooperatiba industrial batean, behintzat ikusiko nuke zer atera dezakedan, seguru asko beste gauza bat ateratzeko baina oso lanabes ona izan da -eta oraindik bada- Gespa. Jendea sartu egiten da proiektuan eta defendatu egiten du betikoa balitz bezala, askotan kooperatiban baino hobeto.

Hainbat negozio berri sortu dituzue: hipotekak, telefonia, perfumeriak, kirol-dendak, optikak, gasolindegiak...Berririk izango duzue?

Bai, beste lurralde batzuetara ez goazenez lurralde honetan negozio berriak ateratzen ditugu. Horregatik zabaltzen ari gara estatuan genituen negozio batzuk, optika dexente, gasolindegiak, aseguruak, finantza produktuak, higiezinen agentziak... Beste batzuk testatzen gabiltza, liburutegiak edo laster aterako dugun telefonia mugikorrena. Uda inguruan izango dela uste dugu. Eta norekin izango den orduan jakinaraziko dugu. Guztiekin hitz egin dugu eta orain gauzak zehazten hasi gara gutxiagoekin.

MCCk balore kooperatiboak bultzatzeko hausnarketa egin berri du. Nola gauzatuko duzue Eroskin?

Gespa edo kooperatibizazio proiektu horren bidez, partaidetzan ari gara bilatzen erantzuna, parte-hartze instituzionaletik begiratuta. Baina baita ere autogestio eredu berriak ari gara bilatzen: dendetan eta bulegoetan nola egin daitekeen lana beste era batera, antolakuntza aldatuta eta autogestio gehiago eramanda talde bakoitzari. Hori zerbitzuen munduan ez da larregi saiatu. Ez dugu ezagutzen behintzat. Industrian bai, gauza asko eta politak egin dituzte Fagorren, Ampon, Irizarren, besteren artean.

Hasi ginen duela bi urte proiektu batekin eta aurten ia 5.000 pertsonengana iritsiko da. Autogestio proiektu horrekin eta koooperatibizazio proiketuarekin -bata da instituzioan parte hartzeko eta bestea lantokian parte hartzeko- enpresa eredu berria osatzen ari gara etorkizunerako. Eroski hemendik hiru edo lau urtetara, proiektu bi horiek amaitu direnean, ez du batere antzik izango orain dela bost urteko ereduarekin. Aldatu egingo dugu zeharo. Eta askoz koherentagoak izango gara gure printzipioekin. MCC osoan bilatzen ari gara erantzunak eta gu gauza bera bilatzen ari gara.

Erantzukizun sozialean nahiko pozik gaude, orain arte egin ditugun gauzekin. Kontsumo kooperatiba bat gara eta gure irabazien %10 beti zuzendu dizkiogu kontsumitzaileak heztera. Eta lortzen ari gara marka politak.

Heziketa koooperatiboan, berriz, gure helburuetatik urrutien ikusten duguna da orain arte. Galdetu egin beharko diogu geure buruari nahiko egiten ote dugun.

Instituzioek azalera handiei jartzen dizkien mugak direla-eta Eroski ez dago oso pozik.

Gobernu guztiek daukate asko arautzeko tentazioa. Sektore hau oso araututa dago, industriarekin gertatzen ez dena. Arautze horrek merkatua zeharo baldintzatzen du. Enpresa batzuk babesten ditu, beste batzuk ez, eta beste batzuei hesiak jartzen dizkio. Enpresa gisa ez gara indartzen. Indartu ginateke txikiak bagina eta toki batean izango bagina.

Kontsumitzaileentzat ere ez da ongarria. Prezioak berak ez du leku onenera eramaten eta eskaintza mugatu egiten du. Gobernu batek arau horiek jartzen ditu eta bere arrazioak dauzka eta arau horiekin jolastu behar dugu, baina ez dut uste sektorearentzat eta bezeroentzat onak direnik epe luzea hartzen bada kontuan.

Kide berririk gehitzeko asmorik al duzue?

Ez da baztertzeko gauza, baina ez gabiltza horretan pentsatzen orain. Oraindik moldatzen gabiltza .  

irabaziak

«Plan estrategikoan espero genuen baino geihago irabazten ari gara, baina denda gutxiago zabaltzen ari gara. Aurten zuzenduko dugu hori».

Kooperatibak

«Kooperatibizazio proiektua sortzen ari gara. Langileak ez dira izango Gespa elkarteko kideak, orain arte bezala, baizik eta kooperatiba bateko kideak»

autogestioa

«Beste autogestio eredu batzuen bila gabiltza. Dendetan eta bulegoetan nola egin daitekeen lan beste era batera; talde bakoitzari autogestio gehiago emanda»

Beste baldintzetan gure eskaintza da onena, baina prezio onena ematen duenak Caprabo eramango du

Mediterraneo aldean hazteko Caprabo erosteko eskaintza egin duzue.

Gehiago gustatzen zaigu gure dendak zabaltzea, baina bide horretatik ez dugu lortzen nahiko genukeen hazkundea. Noizbehinka ateratzen dira merkatura operazio batzuk eta ikertu egin behar ditugu guztiak. Caprabori aurten zazpi denda erosi diogu. Eta geratzen den Caprabo guztia erosteko eskaintza egin dugu.

Carrefour eta El Arbol taldeek bat egin dute eskaintza hobea egiteko. Lehia gogortu egin da edo ez da bakarrik prezioarekin zerikusirik izango?

Nik uste dut prezioaren kontua izango dela azkenean. Saltzaileak beste gauza guztiak begiratuko ditu baina azkenean prezio ona ematen dion horri salduko dio. Beste baldintzetan gu gara eskaintzaile onenak. Guk ez dugu erosten gero zatika saltzeko edo proiektu industrialik gabe. Erosten dugu gero langileei noizbait parte-hartzea emateko. Beste batzuek eskaini ezin duten gauzak eskaintzen ditugu, baina azkenean diru gehien eskaintzen duenak eramango du .

Estatu espainoleko merkatuan hazi da Eroski. Noiz bukatuko zaio Eroskiri esparru hori?

Noizbait bukatuko da. Baina gure hazkunde tasarekin, urte askotarako dugu. Ez gara prestatzen ari beste lurralde batera joateko. Zaila da, dirutza ikaragarria behar baita. Masa kritikoa erosi behar duzu eta horretarako kooperatibak badu finantza-muga.

Erosketak egiteko Alidis taldea osatu duzue Frantziako Intermarche eta Alemaniako Edeka taldeekin. Ondo doa proiektua?

Beste lurralde batzuetan ez egoteagatik ahultasunak izan daitezke eta bilatu ditugu gure antzeko egoeran dauden beste batzuk. Biak dira kooperatibak baina itzelak. Hiruron artean osatzen dugu 74.000 milioi euro eta gu gara txikienak, %8. Negoziatu dezakegu multinazioalekin parez pare, Procter and Gamble, Nestle, Unilever, Coca Cola eta horiekin. Gure artean gauza gehiago konpartitu nahiko genuke, ezagutza edo negozio berriak, baina hasi gara hobeto erosten.

P.R.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo