GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Xiba Gasteizko jaialdia

Basurde Gorriek puntu bakar batengatik irabazi zuten

Aiaratarrak taldea bigarren izan zen Arabako herrien arteko jaialdian, garaipena eskuan izan eta gero

GARA | GASTEIZ

Arabako herrien arteko jaialdia Gasteizen egin zuten joan den larunbatean. Berdindua baino berdinduagoa izan zen, Basurde Gorriek puntu bakar batengatik eskuratu baitzuten garaipena, Aiaratarrak taldearen aurretik.

Arratsaldeko 17.00etan beldur handiz eman zioten hasiera jaialdiari, oraindik ere goizeko euriak bustitakoa erabat lehortu gabe eta laino mardulen mehatsupean. Probak Foru plazan egin zituzten, euskal jokoetarako espreski diseinatutako leku batean. Jendeak, ordea, harriturik begiratzen zuen, jaialdia horrelakoetarako egindako plazan izan arren. Dirudienez, jatorriz dagokionerako izan ezik, plaza hori beste edozertarako erabiltzen dute urte osoan.

Ikuskizuna aparta izan zen, baita kalean ezustean holako zerbaitekin topatu zen jendearentzat ere. Oraindik orain, gazte kirolzale eta umoretsua izerditan eta egoera estutan ikusteak miraria dirudi, bertako jokoak direnean. Eta zer esanik ez Gasteizko kaleetan. Hala ere, txukun-txukun egokitutako espazioak proba guztiak erosotasun osoz ikustea ahalbidetu zuen. Orain arpana, orain soka-tira, orain lasto altxatzea...

Lehia estua

Basurde Gorriak taldea izan zen indartsuena, 1.002 punturekin. Erregulartasunak eman zien garaipena, proba bakar bat irabazi baitzuten: sokatira, Subijana, Eskua, Aramaixo eta Hala Bedirekin berdinduta. Puntu bakar batera Aiaratarrak taldea sailkatu zen. Garaipena eskuan izan zuten, baina azkenean ezin izan zuten lortu zenbait probatan onenak izan arren: jaso eta altxa proban eta auzolana, hain zuzen ere.

Hirugarren postuan, Subijana geratu zen, 995 punturekin. Laugarren postuan, Aramaixo sailkatu zen, 993 punturekin. Azken horiek oihu eta animuen zarata jarri zuten, baita saio ederrak eskaini ere. Bosgarren postua Gerriko Tabernak eskuratu zuen, 986,5 punturekin. Seigarren, aldiz, Hala Bedi irratia izan zen; zazpigarren ordea, Xibamara. Bi talde horien artean «pike» sanoa egon zen. Hala Bedi Irratikoak aurretik sailkatu ziren azkenean. Beraz, urte osorako gaia balia dezake eskuratutako garaipen horri esker.

Eskua zortzigarren izan zen, 980 punturekin; Errota bederatzigarren, 959 punturekin; eta Zaramazulo hamargarren, 954 punturekin.

Zaramazulok azken postuari eutsi zion

Zaramazulok, ia urtero bezala, euren azken postu ahaltsu horri eutsi zioten Gasteizen eginiko jaialdian. Eskua taldeak eta Errota gazteek, berriz -zortzigarren eta bederatzigarren postuan sailkatuta, hurrenez hurren-, esperientziarik ez izatearen karga izan zuten.

Subijana musean eta dantzan nagusi izan zen

Subijana abilenak izan ziren musean eta dantzan; Aiaratarrak, jaso eta altxa proban eta auzolanean; Gerriko Taberna, Xiban; eta Hala Bedi, tokan. Soka-tiran, bost taldeen arteko berdinketa egon zen: Subijana, Basurde Gorriak, Eskua, Aramaixo eta Hala Bedi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo