GARA > Idatzia > Musika

Ritxi AIZPURU, Musika argitaratzailea

Copyleft. Copyright. Copyfight. Jabegoa, eskubideak?

Obra omen da zentroa eta ez egilea. Lan kulturalari edo obrari bide guztiak libre utzi behar zaizkiola dio copyleftek, jabetza intelektualari muzin eginda. Musika talde batek oraintsu arte kantuak sortzen zituenean, bere lanak euskarri fisiko desberdinetara pasa zitezen nahi zuen. Biniloa, kaseta, maketa eta CD euskarri fisikoak izan dira garrantzitsuenak. Normalean, bere lana transformatzeaz, hots, euskarri fisiko batera ekartzeaz, disko etxeak (%25) arduratu izan dira, autoekoizpenak (%75) ahanzteke. Disko etxeek ez dute musika obrekin bitartekaritza lana egiten. Bitarteko edo baliabide intelektualak erabiliz, hau da, medioaren ezagupena izanik (ingelesez knowhow esaten zaio) obra horiei dimentsio publikoa ematen zaie. Bezeroari, entzuleari, ikusleari sudurraren aurrean jartzen zaio lana eta berak erabakitzen du obra hori gustukoa duen ala ez. Lan hori egitea beste obra bat eraikitzea da. Disko etxeen lana komunikazio horretan datza. Segun eta nola egiten diren lan horiek, diskoen presentzia, nortasuna, kalitatea eta onespena handiagoa edo txikiagoa izango da.

Baina, berez, lan horiek badute beren barruan musikaren egileak berak emandako presentzia, nortasuna, kalitatea. Baina copyleft, copyfight eta copyrightaren ideia erabat argitzen duen termino klabea dago: lanbidea. Musika baldin badute lanbide musikariek (eta Euskal Herrian gutxitan gertatzen da hori) eta disko etxeek (gero eta disko etxe profesional gutxiago dago eta birmoldatu beharko dute euren lana edo beste batzutan hasi), garbi dago musikak eman behar diela bizi ahal izateko egunsaria (soldata onartzeak gizartearen beraren eta sistemaren onarpena dakar?). Musikari asko ez dira profesionalak, musika ez dute lanbide eta beste lanbide batetik ateratzen dute soldata; euren lan-indarra saldu. Ez dut soldata justifikatuko. Sistema ekonomiko, sozial eta politiko guztiak suntsitu beharko lirateke. Orduan, obra guztiona izango litzateke. Copyleftaren aldekoa ere banaiz. Horren arabera, erosiko ditudan galtzontziloak eta ogiak ere ez ditut ordainduko. Doan dira. Musikari batzuek egile-eskubideen publikotasunaren ala pribatizazioaren alde egin beharrean, bi aukerak eskaintzen dituzte. Ordainduta eta doan. Autoekoizpenen kasua da, oro har.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo