GARA > Idatzia > Editoriala

Ausardia politikorik ezean, krudelkeria

Espetxe Zaintzako Epaitegiak hartu zuen ebazpenaren kontra, Estatu espainoleko Gobernuak Iñaki de Juana Chaos presoa Donostiako erietxetik Euskal Herritik bostehun kilometrora dagoen espetxera eraman zuen atzo. Espetxe politika kudeatzen duen erakundeak emandako agindua berretsi eta, joan zen otsailaren 28an aipaturiko epaitegiak zera erabaki zuen: alta jaso ondoren, De Juanak bere etxean jarraituko zuela bere osaketa. Izan ere, ospitalean presoari alta eman diotenean, bultzada politiko baten medio, epaitegiaren erabakia hutsean geratu da.

Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETAk su-etena bertan behera uzteko erabakiari «legearen bidez» erantzungo ziola adierazi eta ordu gutxitara legearen baitan nekez sartzen den erabakia hartu du. Estatu espainoleko Gobernuak prozesu osoan egin duen akatsa errepikatu berriz ere: muturreko egoerak sorrarazi eta behin amildegia ikusita epe motzean bere burua salbatzeko soilik balio duen erabaki okerra hartzea. Kontsumo azkarreko politika besarkatuz, presidenteak kolpe mediatikoa egin du De Juana kasuarekin maltzur jokatuta.

Jokabide horrekin ETAren agiriak ofentsiba berreskuratzeko duen premia areagotu duela aitortzen du Zapaterok. Madrilgo egunkariak ikusi besterik ez da behar Moncloak «erantzun tinko eta irmoa» emateko duen premiaz jabetzeko. «Erantzun azkarraren» itxura hartzen duen beste eraso zahar batean gaude, ordea.

Finean, De Juana kasua politika zabal baten adierazle besterik ez da. «Bakea lortzeko ahalegin guztiak» egin omen dituen Gobernuak burutu duen politikaren ardatza, hain zuzen. Etxeratek joan zen maiatzean emandako datuak adierazgarriak dira: hiru laurdenak beteta dituzten 150 euskal preso politiko kartzelan dira, beste 14ri kartzela zigorra luzatu diote, gaixotasun larriak dituzten presoak ez dituzte aske utzi, eta batez beste Euskal Herritik 620 kilometrotara dira 597 euskal preso. Gai honetan PSOEk aurrea hartu dio PPri. Aurrerapausorik ez du egin. Baina ustezko garaipen horrek bere gabezia politikoa nabarmentzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo