GARA > Idatzia > Kultura

Guraso kanpotarrak dituzten ume bi dira Pirritx eta Porrotxen ipuin berrien protagonistak

«Tiderrekin tea hartzen» eta «Agur Pakito» dira Elkarrek argitaratzen duen Familia milakolore saileko azken bi ipuinak. Gure artean gero eta ohikoagoak diren familia ereduak erakusten dizkiete haurrei.

GARA | DONOSTIA

Pirritx eta Porrotx pailazoek «Agur Pakito» eta «Tiderrekin tea hartzen» ipuinak aurkeztu zituzten atzo Donostian. Elkar argitaletxeak kaleratzen duen Familiak milakolore saileko azken bi aleak dira horiek. Sail horretako ipuin guztiak Mitxel Muruak idatzi ditu eta Julen Tokerok marrazki koloretsu eta ikusgarriak egin ditu.

Sail osoan bezala, kaleratu berri diren bi ipuinen protagonistak Pirritx eta Porrotx dira eta bidean topatzen dituzten lagun guztiek gure artean eredu askoko familiak daudela islatzen dute. «Tiderrekin tea hartzen» alean pailazoek Tider izeneko laguna dute. Umearen ama euskalduna da eta aita, sahararra. Tider Euskal Herrian bizi izan da beti, baina aitaren herria, Saharako basamortua, ezagutzeko irrikan dago.

Tiderrek Pirritx eta Porrotx tea hartzera gonbidatu ditu eta umearen aitak, tea prestatu bitartean, basamortuko kontuen berri eman die. Horri esker, pailazoek jakin dute basamortuan ura garratza dela, eta Tiderren aitaren ahotik ere entzun dute bera Euskal Herrira etortzeko arrazoiak zeintzuk diren.

Kintxo Barrilete nikaraguarra

«Agur Pakito» ipuina Familiak milakolore saileko seigarrena da. Horretan pailazoek Pakito izeneko izurdea ezagutu dute eta horrek Kintxo Barrilete laguna aurkeztu die. Kintxo Barrilete Nikaraguakoa da. Aita bertan utzita, amarekin etorri da Euskal Herrira, beren herrian pobrezia handia dagoelako. Kintxok mediku izan nahi du handia izatean. Kintxo kometa batekin ibiltzen da beti, eta Pakitori gustatzen zaio kometa hori jolaserako. Pirritx eta Porrotx ere izurdearen lagun egin dira, eta haren bizkar gainean itsas hondoa deskubrituko dute.

Familia milakolore saileko lehen ipuinak, «Arrantzan», adopzioan hartutako umea du protagonista. «Herriko postariak», ordea, harrerako familian hartutako haurraren inguruko istorioa da. «Gorka konpontzailea» ipuinaren pertsonaia nagusiak bi ama ditu, eta «Nerearen argazki albuma» liburua gurasoak banatuta dituen umeari buruzkoa da.

Liburuek 36 orrialde dituzte eta ale bakoitzaren salneurria 7,35 eurokoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo