GARA > Idatzia > Kultura

Getxoko txotxongilo eguna, bide berriak ireki nahian dabilen artearen erakustazoka

Txotxongiloak haurrentzako ikuskizuna soilik direla uste duena oker dabil. Halaxe azaldu dute asteburuan Getxon bilduko diren txotxongilo taldeek eta, bizia ematen zaion objektu gisa ulertuta, erabilera ia mugagabea izan dezaketela ziurtatu dute.

UNIMA Euskal Herria (Nazioarteko Txotxongilo Elkarteak gurean duen taldea) eta Getxo kultur elkarteak antolatutako jaialdiak baditu dagoeneko zenbait urte bizkar gainean. Txotxongilo Egunaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa eta, hasierako apustua berretsiz, txotxongilo bidezko antzerkia ezagutarazi eta, haurrentzat ezezik, helduentzako ikuskizun ere badela erakutsi nahi dute. Hartara, asteburuan zehar tailerrak, kale animazioa, artisautza, material idatzia eta hamalau talderen lanak izango dira ikusgai Getxon.

Jaialdiaren irekiera galan hartuko dute parte horietako hamairuk -azken orduko ustekabeak medio, Azika ez da ekitaldian izango- eta euren lanaren lagin bat aurkeztuko dute bost minutu inguruko antzezpenean. Horien artean izango da Pro-Ismo Cero talde arabarra, «Quizá el bosque» lanarekin. Heldu zein haurrentzat egiten dituzte obrak Armentiakoek eta, Getxon eskainiko dutenean, basoko izakiek jaso duten neskatila baten istorioa kontatu dute. Ez diote esan gizakia denik eta ez daki zer diren maitasuna eta heriotza. Denborarekin amodioa ezagutu eta hil egingo da. Basoko izakiek hautua egin beharko dute; heriotza onartu edo, neskaren biziaren trukean, berea eman. «Guztiok barruan ditugun miseria horiek azaleratuko dira une horretatik aurrera», azaldu du Yayo Vicente taldekideak, eta txotxongiloen bidezko antzerkia haurrentzat soilik dela uste izatea «akats larria» dela uste du: «Egia da haurrentzat egiten den antzerkian txotxongiloa jaun eta jabe dela, baina ez dute zertan haurrentzat soilik izan behar. Hizkuntza da aldatzen dena, istorioaren gertakizuna zenbaitetan eta kontakizunaren erritmoa. Txotxongiloak, bizia ematen zaion objektu bezala ulertuta, aukera asko zabaltzen ditu».

Iritzi berekoa da Taun-Taun gipuzkoarreko kide den Itxaso Azkarate ere. Orain hogei urte sortu zenetik, taldeak helduentzako txotxongilogintza garatzea izan du helburu eta, asteburuko jaialdian, «Batuta» eskainiko du. Lan honetan antzezleak eta apargomaz egindako panpinak dira nagusi. Metro eta erdiko garaiera duen Batuta pertsonaiaren bidez, musikaren mundura bideratzen dituzte ikusleak. Azkaratek azaldu duenez, «guretzat beti izan da garrantzitsua helduei ere zuzentzea eta, oraintxe, gerra zibilaren gaineko lan batekin gabiltza, txotxongilogintza oraindik ere etorkizun handiko mundua dela iruditzen zaigulako».

Tuteratik, Colectivo Humok «Benjamin, el viajero» obra ekarriko du. «Benjamin Bar Jonas -azaldu du Manuel Aliaga taldekideak- Tuteran bizi izan zen judua zen. Mediterraneoa zeharkatu zuen 1166an eta liburu bat idatzi zuen bidaian zehar ezagututako etnia ezberdinak deskribatuz». Abiapuntua hartuta, Benjamin gaztea sortu zuten eta, aurrekoaren istorioa ezagututa, bidaia bere eskalan egitea otuko zaio; auzoan, alegia. «Helduek oso gustura ikusten duten obra da -ziurtatu du-, txorakeriarik gabe zuzenean bazterketaz eta paperez mintzatzen garelako, arrazakeria eta xenofobiaz, eta kulturaniztasunaren eta ezagutzaren ondareaz».

Jende guztiari zuzendutako lanak egiten ditu Kukubiltxo talde aski ezagunak eta «Kukubel 2.0», Azkuek bildutako ipunetatik abiatuz sortutako lana, eramango du Getxora. Antzezlea txotxongilo bilakatu eta mozorro-jantzi artikulatuen eta hagadun panpinen bidez, Kukubil artzainaren bueltan ariko dira. Orain «Dir dir» ikuskizunarekin ari dira eta, Josu Camara taldeko kidearen hitzetan, «ohartu gara helduak umeak baino pozikago ateratzen direla». Camararen iritziz, «haurren ikusgarritasunaren erreferentzia handia da, filmak eta bideo-jokoak tarteko, eta interes eza sortzen ari da. Goiko aldetik, 7-9 urteko tartetik, galtzen ari gara».

Hala ere, hutsune handiena belaunaldi aldaketan dagoela uste du: «Formakuntza zehatzik ez dagoenez, txotxongiloak lantzeko antzezle edo artisaurik ez da sortzen». Gauza bera esan du Pro-Ismo Ceroko kideak: «Ez dago harrobirik. Ez dago eskolarik eta tailer gehienak profesionalei zuzendutakoak dira. Gazteek ez dute txanda hartu nahi, zure dinamika berraztertzea baitakar. Guztia ziklo bat dela pentsatzen dut; iritsiko da esperimentatu eta gauza berriak probatzeko gogoa duen belaunaldia».

Amalur ARTOLA

Fitxa

V. Txotxongilo Eguna: UNIMA Euskal Herriak eta Getxo kulturak antolatutako topaketa.

Data: Gaurtik igandera, hilak 17, bitartean.

Lekua: Getxo; Andres Isasi musika eskola, Ibaiondo kalea, Areetako geltokia, Erromoko San Jose eliza eta Santa Eugenia plazako karpa.

Informazioa eta egitaraua: www.txotxongilo.com.

Apustu berrien eta aldaketaren bila dabil kukubiltxo 30. urteurrenean

Kukubiltxok 30 urte beteko ditu aurten eta, Josu Camara taldekideak azaldu duenez, «norabidea berriro definitzearen eta berriztatzearen» aldeko apustua egin du taldeak. Lehenengo fase batean daude orain, «ikastaroak egiten, aktore mundua, txotxongiloen manipulazioa, maskaren erabilera... Aire berria sartzea da gure helburua». Bigarren fasean sormena garatzeko asmoa dute, eszenaratu nahi duten lanaren oinarriak finkatzeko eta zer egin nahi duten zehazteko eta, azken pausoa, ekoizpena izango da. Proiektuaren hasieran daudela eta, oraindik ere dena definitzeko dagoela zehaztu arren, Camarak helduei bideratutako obra izan daitekeela iragarri du: «Susmo handia eta nahiko finkoa dugu datorren urteko otsailaren amaiera aldera estreinatuko dugun lana helduentzako izango dela». A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo