GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

«Demokraten batasuna»

Bihar hautetsiek Hego Euskal Herriko udalbatzak osatuko dituzte. Batzuk saiatu baino ez dira egingo, beren eserlekuak gainerakoek, salbuespenak salbuespen, beteko baitituzte.

Esanguratsua izan da aste honetan Espainiako alderdi nagusietako buruek Madrilen, «demokraten batasuna» adosteko bilduta, Euskal Herriko hautes karguen banaketa mahai gainean jarri izana.

Bihar gertatzen denaren zain, Sartagudak ondo agerian utzi du dagoeneko «demokraten batasun» horren zitala. Herri horretako errepublikar bati, sozialista bati, abertzale bati... oroimena duen edonori adar-jotze makabroa iruditzen bide zaio «demokraten batasuna» delakoa, haren parte nagusietako bat herri hori alargunduta utzi zutenen ondorengoen alderdia baita. Eta okaztagarria izan behar du haien eskuetan herriaren ordezkaritza uztea, fusilatuen ondorengoak fusilatzaileen ondorengoei sostengua ematea, Madrilen hala erabaki dutelako.

Arazoa ez da gaitzespen kontua, ordea, «demokrata» horiek ez baitituzte gaitzetsi herri horretako, Nafarroako eta Euskal Herri osoko sarraskiak, hainbeste urtean botereari eutsi diotenek eragindako ikara. Ez, ez dute zertan gaitzetsi; gainera, horien gaitzespena demokrazia hori bezain formala izango litzateke-eta. Demokrazia hori bezain sinesgarria.

Biharko «jai demokratikoaren» izarra, beraz, Alderdien Legea izango da. Demokrazia bat harro egoteko moduko meritua. Besteren artean, indar korrelazioa «zuzentzeko» sortutako legea. Zenbait alderdik haren izaera antidemokratikoa salatu zuten, baina berehala, Aralarri izan ezik, Lege horren ondorioak huskeria iruditu zaizkie eta salaketa horrek UPNk frankismoaren kontra egindako gaitzespen batek izango lukeen balio bera du. Jokoan dagoena ez da demokrazia, botere banaketa baizik. Parte-hartzaile bat lehiatik kanpo uzteak botere esparru txiki bana gehiago hartzeko aukera ematen die. Bestetik, bake eta normalizazio prozesu baten gainetik hauteskunde estrategia lehenetsita boterea zertarako erabiliko duten argi samar utzi dute dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo