Torturaren aurkako elkarretaratzea egingo dute Donostian hilaren 26an
Oihana LLORENTE |
Datorren ekainaren 26an, tortura jasan duten pertsonen sostengurako nazioarteko egunean, elkarretaratzea egingo du Donostiako Torturaren Aurkako Taldeak, TATek. Hitzordua 19.30-ean jarri dute Bilbo enparantzan eta donostiar orori joateko gonbita egin diote atzo hainbat torturatu donostiarrek eginiko agerraldian.
Patxi Eskisabelek, Aritz Saezek, Gari Mendizabalek eta Leire Gallastegik, beste milaka euskal herritarrek bezalaxe, «polizia etxeetatik bai fisikoki zein pskikoki suntsituak ateratako» pertsona gisa aurkeztu zuten haien burua. Gainera, «haien torturatzaile sadikoen inpunitate osoa» ikusita, berriz ere «torturatuak sentitzen» direla nabarmendu nahi izan zuten.
Aitzitik, euren inguruan ixiltasuna nagusi dela adierazi, eta hainbat alderdi politikok eta gizarte erakundek torturaren aurrean erakutsitako jarrera gaitzetsi zuten. Haien aburuz, oso urriak dira torturaren aurka lan egiteko prestutasun eta ausardia erakutsi duten eragileak.
Alta, oraingoa, torturatuen txanda dela deritzote. «Tortura pairatu duten pertsonek, TATen bilduta, torturaren praktikarekin bukatu eta Euskal Herrian torturatuak egon badaudela aitortu bitartean lan egiteko garaia» dutela nabarmendu zuen Gallastegik.
Abenduan, Elorrion egindako torturatuen batzarra ere ekarri zuten gogora eta bertan bezala, torturatuak elkartu eta torturaren salaketa lau haizeetara zabaldu behar dela esan zuten.
Bruselara martxa
Datorren ekainaren 26an, Donostiako hitzorduaz gain, TATek bi autobus bete bideratu nahi ditu Bruselara. Torturak jasandako euskal herritarrez gain, eragile politiko sozial eta sindikalen ordezkaritza ere egongo da bidaian. Han, Europako eta Flandesko parlamentuetan tortura desagertzeko konpromisoak lortu nahi dituzte eta torturaren errealitatea salatuko dute.
Ekainaren 30ean, aldiz, ekitaldia eginen du TATek, oraingoan Euskal Herrian.